Geologian, akrezio-prisma plaka tektoniko batek beste baten azpitik subdukzioa jasaten duenean, plaka zamalkatzailearen gainean pilatzen den sedimentu-falka da. Gehienbat basaltoz osaturik daudenez, plaka ozeanikoak azpiratzen dira beti. Plaka ozeanikoak dortsal ozeaniko batean sortu zenetik azpiratua izan arte pilatutako sedimentuek osatzen dituzte akrezio-prismak. Noski, sedimentu hauetatik batzuk arku bolkanikotik datoz eta beraz, urteak pasa ahala, deformazio ikaragarria pairatzen dute. Akrezio-prismak kontinentearen kontra pilatuta daude eta arroka sedimentario zein metamorfikoek osatzen dituzte.[1][2]
Aipatzekoa da, akrezio-prismak kontinente-plaka batek mota bereko beste baten kontra talka egitean ere sortzen direla, are gehiago, mota honetako talketan sortzen diren akrezio-prismak handiagoak izan ohi dira, bi plakek elkarri eragiten dioten presio bortitza dela eta. Bestalde, plaka ozeaniko batek plaka kontinental baten kontra talka egitean, ozeano-hobi txiki bat eratzen denez (plaka makurdura txikiarekin hondoratzen baita), akrezio-prisma handiak eratu ohi dira, ondoren, orogeno bat loditzen lagundu dezaketenak.
Akrezio-prismak osatzen dituzten sedimentuak jatorri ezberdinetakoak izan daitezke, baina meteorizazioak haietako bakoitzari eragin die, egoera hartan amaitzeko. Arroka magmatikoak disgregatzetik etor daitezke sedimentu hauek edota, arroka sedimentario zein metamorfikoek uneoro pairatzen duten eragile geologikoaren eraginagatik. Esan dezakegu, zeharka bada ere, izaki bizidunek, atmosferako prozesuek eta erreakzio kimikoek akrezio-prismen eraketan laguntzen dutela, haiek baitira meteorizazioaren eragileak; arrokak sedimentu bilakatzen dituen fenomenoaren oinarriak. Aipatutako eragile bakoitzak, hurrenez hurren, meteorizazio biologikoa, meteorizazio kimiko edo mekanikoa eta meteorizazio kimikoa eragiten dute.