FarmVille

FarmVille Zynga enpresako 2009an argitaratu zituen nekazaritza simulazio sare sozialerako bideojoko saila izan zen. Happy Farm eta Farm Town jokoen antzekoa zen. Jokoak eskatzen zuen nekazaritza ustiapen bat garatzea, lurra goldatu eta landareak landatu, hazi eta uzta jaso behar zen, arbolak kudeatu eta abereak hazi. FarmVille 2 eta FarmVille 3 2012ko irailean eta 2021eko azaroan argitaratu ziren hurrenez hurren. Jokoak Adobe Flash erabiltzen zuen Facebook eta Microsoften MSN Games plataformetan. iPhone, iPod Touch eta iPaden ere argitaratu zen 2010ean tarte labur batean. Jokoak free-to-play eskema jarraitzen zuen, baina lorpenak azkarrago izateko Farm Cash edo Farm Bucks izeneko moneta bazuen, mundu errealeko monetekin trukatu ahal zena. FarmVille izan zen freemium motako lehenengo joko nagusia. 2009an Facebooken argitaratu ostean, FarmVille izan zen guneko jokorik ezagunena, eta bi urtez mantendu zuen bere nagusitasuna. Bere unerik gorenean, 2010eko martxoan, jokoak 83,76 milioi erabiltzaile zituen hilabetean. Egunero erabiltzen zutenak 34,5 milioi pertsona ziren. 2011tik aurrera jokoak beherakada izan zuen. 2012ko maiatzean zazpigarren jokorik erabiliena zen Facebooken. 2016ko apirilaren 30ean 110. jokoa zen, baina FarmVille 2 42. posturaino iritsi zen. 2020ko irailaren 27an Zyngak adierazi zuen ez zuela Facebooken gehiago argitaratuko urte horretako abenduaren 31 ostean, Facebookek Flash Player jada ez zuelako baimentzen jokoetarako. FarmVille 3 mugikorrerako jokoa izan zen.


Developed by StudentB