Jingoismo

Estatu Batuetako gerra txakurra (ingelesez: The American War-Dog), Oscar Cesareren 1916ko karikatura. Woodrow Wilson presidentea, Jingo izeneko txakurrari begira, Estatu Batuak Lehen Mundu Gerran sartzean.

Jingoismoa abertzaletasun chauvinista eta sutsua da, atzerriko politika erasokorra ezaugarri duena. XIX. mendeko Britainiar Inperioko zenbait politikariren jarreran du jatorria.[1] 1878ko martxoaren 13an George Holyoake britainiar erradikalak The Daily News egunkari britainiarrari bidalitako gutun batean sortu zuen jingoismo (ingelesez: jingoism) hitza.

Abertzalekeria sentimental hau, gainontzeko europar potentziek (Frantzia, Alemania, Errusia) eta neurri txikiagoan Estatu Batuek (non, aldi berean, jingoismo hitza jaso eta modu berdintsuan erabiltzeari ekin zioten) ordezkatzen zuten britainiar hegemoniarekiko jazarpenarekin elikatzen zen.

Gizarte darwinismoak intelektual asko erakarri zituen. Gizarte darwinismoak, Charles Darwinen ideia eboluzionistak arazo sozial eta politikoetara estrapolatuta, adierazten du badirela bizirauteko gaitasun handiagoa duten nazio batzuk; herri batzuk goi mailakoak direla, eta beste batzuk behe mailakoak. Agian korronte horren ordezkaririk nabarmenena Rudyard Kipling britainiar idazlea izan zen, «gizon zuriaren zamaz» (ingelesez: The White Man's Burden) mintzatu baitzen.

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2017]

Developed by StudentB