Poliobirus

Poliobirus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaOrthornavirae
FilumaPisuviricota
KlaseaPisoniviricetes
OrdenaPicornavirales
FamiliaPicornaviridae
GeneroaEnterovirus
EspezieaEnterovirus C
Baliorik ez Poliovirus
[[|]]
Datu orokorrak
GaixotasunaPoliomielitisa

Poliobirusa poliomielitisa eragiten duen birusa da, enterobirus taldekoa eta Picornaviridae familiakoa [1]. Enterobirusak digestio-aparatuan gaitzak sortzen dituzten birusen genero bat dira, gizakia soilik infektatzen dutenak [2].

Poliobirusek RNA dute material genetikoa, kapside ikosaedriko batek babestua. Kapside gainean ez dute bilgarririk, birus biluziak dira. RNAk 7.500 nukleotido ditu. Birus oso txikia da poliobirusa, 28 nanometroko diametroa besterik ez baitu. Karl Landsteiner eta Erwin Popper mikrobiologoek isolatu zuten birus hau lehenengoz 1909an.

Kate bakarreko eta polaritate positiboko RNA dute poliobirusek. Horrek esan nahi du zelulak infektatzen dituenean RNA horrek zuzenean proteinak sortzen dituela (RNA-m-aren gisa jarduten du, beraz).

Bere genoma txikia eta bere egitura sinplea direla-eta, poliobirusa birus guztien artean sinpleetako batez jotzen da, eta berarekin ikerketa asko egin dira RNA birusen ezaugarriak hobeto ezagutzeko.

Birusaren proteina guztiak poliproteina bakar batean kodetzen dira [3] infektatutako zelula barnean. Gero, poliproteina hori mozten da proteina bakoitza sortzeko (20 proteina inguru, guztira).

Poliobirusek hiru seroaldaera dituzte: PV-1, PV-2 eta PV-3. Seroaldaera bakoitzak proteina ezberdinak ditu kapsidean.

  1. Sherris Medical Microbiology. 4th. McGraw Hill, 2004. ISBN 0-8385-8529-9
  2. Basaras, Miren eta Umaran, Adelaida: Mikrobiologia Medikoa EHUak argitaratuta (2007) 478 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:271 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1.

Developed by StudentB