Sudurkaritze

Fonetikan, sudurkaritzea hots bat ahosabai biguna behean dagoenean ahoskatzea da; hori dela eta, airea, ahotik ez ezik, sudurretik ere irteten da. Hots sudurkaririk ezagunena [n] da. Batzuetan sudurkaritzea beste hots bat ahoskatzerakoan gertatzen da. Horrela sortzen dira, adibidez, gaur egun zubereran oraindik bizirik dirauten bokal sudurkariak.

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan, sudurkaritasuna tilde (~) baten bidez markatzen da sudurkarituriko hotsaren gainean. [ã], [a] sudurkaritzearen baliokidea da, eta [ṽ], [v]-rena. Ikur zenbait ere erabiliak dira kontsonante sudurkari batzuentzat, hurrengo herskariak kasu: [m], [n], [ɲ], [ŋ], etab. Jakin behar da ere, bokalen sudurkaritzeak, bai artikulatorioki eta baita akustikoki ere, bereizgarri bat baino gehiago dituela. Adibidez, [ã] soinua ahoskatzean, ahosabai bigunaren behatzearekin batera, mihiaren toki aldatzea gertatzen da [a]ren ohiko kokapenarekin alderatuta.

Bokal sudurkariak frantsesez, bretainieraz, portugesez edo polonieraz aurki daitezke. Euskaraz atzemaiten dira ere zubereran, erronkerian eta bizkaiera zaharrean. Kasu zenbaitetan, bokalak sudurkaritze maila desberdinekin atzemaiten ahal dira. Adibidez, ingelesez bokalen sudurkaritze maila aldatzen ahal da, baina ezaugarri fonetiko honek ez ditu item lexikoak bereizten (ingelesean ez da bokal sudurkari eta ahokarien arteko oposaketarik, sudurkaritze fonetikoa baino ez). Fonologikoki, kasu gehienetan, bokal sudurkarien eta bokal ahokarien arteko oposaketa kategorikoa da.

Kontsonante sudurkariak, (adibidez [m], [n], [ɲ], [ŋ], etab.) ez dira sudurkarituak deituak, ez direlako dagokien soinu ahokariari gehituriko bigarren mailako ahoskatzeak. Hau da, ahoskatze modu bat da zeinetan airea sudurretik aske pasatzen den, aire-emaria ahoan eragotzia den bitartean. Horregatik herskari sudurkariak ere deituak dira.

Kontsonante sudurkarituak ere atzemaiten ahal dira, hau da, haien ahoskerari sudurkaritasuna gehitzen zaien kontsonanteak. Horiek kontsonante ahokariekin oposizioan daude. Adibidez:

  • Hego arabiar hizkuntza moderno batzuek kontsonante igurzkari sudurkarituak dituzte, [z̃] adibidez, [n] eta [z]-ren aldibereko igorpena diruditenak.
  • Mandarineraz r notatutako hotsak historia berezia du (adibidez, japonierak [z] eta [n] mailegatu zituen) eta seguru aski antzinako igurzkari sudurkaritutik eratorria da, kontsonante igurzkari sudurkaritu ahostuna [ʝ̃] izaiten ahal da.
  • Hupan maiz gertatzen da mihia ahosabaiarekin erabat kontaktuan ez egotea [ŋ] kontsonantearen artikulazioan zehar, eta horrek hurbilkari belar sudurkaritua [ɰ̃] ebakitzea eragiten du. Fenomeno hau hizkuntza atabaskarren [j̃] kontsonante sudurkariaren garapenaren antzekoa da.
  • Umbundu hizkuntzan, [ṽ] fonema [w̃]-rekin oposaketan dago, eta seguru aski benetako igurzkaria da hurbilkaria baino.

Ahozko igurzkari sudurkarituetaz gain, badira benetako igurzkari sudurkariak ere, igurzkari narealak deituak izan direnak, batzuetan fonazio akatsak dituzten pertsonek ekoizten dituztenak. Kontsonante mota hauetan, igurzkarien ezaugarri diren aire-emariaren turbulentziak ez dira ahoan sortzen, baizik eta sudur-barrunbetan. Nazioarteko Alfabeto Fonetiko hedatuak bi diakritikoren konbinazioaren bidez irudikatzen du, tilde eta dieresi baten bidez alegia: [n͋] igurzkari nareal hobikaria da, ahoko aire-emari gabea, eta [v͋], [v] igurzkari ahokariaren baliokidea aldi bereko igurtzi narealarekin.


Developed by StudentB