1936an udako eta neguko Olinpiar Jokoak Alemania Nazian egin ziren, Berlinen eta Garmisch-Partenkirchenen (Bavaria), hurrenez hurren. Bi une hauetan kirola nazien estetika ezartzeko erabili zen eta Hitlerren erregimenak propaganda egiteko erabili zituen, ordura arte inork egin ez zuen bezala.
Egoitzen aukeraketak ez zuen eztabaida handirik sortu. Hala ere, Hitlerrek boterea hartu ondoren, boikotatzeko proposamenak egon ziren eta baita olinpiada alternatibo batzuk antolatzeko saiakerak ere. Jokoak egiten ari ziren bitartean Alemaniak errepresio antisemita gutxitu zuen eta munduari irudi hobea erakusten saiatu zen. Aldi berean alemaniar gobernuak kanpaina diplomatiko bat antolatu zuen eta atzerriko buruzagien begikotasuna lortzen saiatu zen. Etorkizunerako, jokoak Jesse Owensen irudiarekin lotuta geratu ziren.