Adimen artifizialaren historia

Adimen Artifizialaren (AA) (ingelesez Artificial Intelligence, AI) historia aspaldi hasi zen, artisau maisuek izaki artifizialei adimena edo kontzientzia ematea lortu zutela kontatzen zuten mitoekin, istorioekin edo zurrumurruekin. AA modernoaren hastapenak filosofo klasikoei zor zaizkie, haiek saiatu baitziren giza-pentsamenduaren prozesua sinboloen manipulazio mekaniko gisa deskribatzen. 1940ko hamarkadan ordenagailu digitala asmatu izanak bultzada handia eman zion horri. Izan ere, arrazoibide matematiko abstraktuan oinarritutako makina horri esker, garun elektroniko bat eraikitzeko aukera serioski eztabaidatzen hasi ziren hainbat zientzialari.

Adimen Artifizialaren ikerketa-arloa Dartmouth College-ko campusean (AEB) egindako tailer zientifikoan sortu zen, 1956ko udan. Tailerrean parte hartu zuten zientzialariek AAren ikerketa gidatu zuten hainbat hamarkadetan zehar. Haietako askok uste zuten gizakia bezain adimentsua izango zen makina sortzea posiblea izango zela epe motzean (belaunaldi bat, gehienez), eta milioika dolar jaso zituzten uste hori egia bihurtzeko.

Denborarekin argi geratu zen ikertzaileek eta proiektua diruz lagundu zutenek proiektuaren zailtasuna gutxietsi zutela; uste zutena baino zailagoa zen. 1974an, James Lighthill -en kritiken[1] eta kongresuaren presioaren ondorioz, AEBetako DARPAk eta Erresuma Batuko Gobernuak AAren arloan egiten zen zuzendu gabeko ikerketa finantzatzeari utzi zioten. Ondoren etorri ziren "Adimen Artifizialaren negua" izenez ezagutzen diren urte zailak. Zazpi urte geroago, Japoniako Gobernuak sustatutako ekimen bati esker, herrialde askotako gobernuek eta industriek AAko proiektuen garapenari milaka milioi dolar eskaini zioten, baina 80ko hamarkadaren amaieran inbertitzaileak etsita agertu ziren lortutako emaitzekin eta finantzaketa berriro ere eten egin zen.

XXI. mendeko lehen hamarkadetan egin zuten gora AAren inguruko inbertsioak eta interesak, ikasketa automatikoa akademian eta industriako problema askoren ebazpenean lortzen ari zen emaitza onak ikusita. Ikasketa automatikorako metodo berriei, hardware ahaltsuari eta datu-multzo erraldoiei esker lortu ahal izan zen arrakasta hori.

  1. Lighthill, James. (1972). «"Artificial Intelligence: A General Survey (Lighthill Report)"» www.chilton-computing.org.uk (Artificial Intelligence: a paper symposium, Science Research Council) (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).

Developed by StudentB