Alfabeto grekoa edo greziar alfabetoa hogeita launa letra xehe eta larri dituen alfabeto bat da, batez ere grekoa K.a. IX. mendearen amaieratik edo K.a. VIII. mendearen hasieratik idazteko erabilia. Ezagutzen den lehenengo alfabetoa da, hitzaren adiera zehatzenean; izan ere, bokal eta kontsonante bakoitza grafema bereizi batez adierazten baitu.[1] Greziera modernoak alfabeto hori darabil. Iraganean, letrak erabili izan ziren, baita ere, zenbaki grekoak adierazteko, K.a. II. mendeaz geroztik, baina arabiar zifrak ordeztu zituzten. Hastapenetan letra larriz soilik idazten bazen ere, alfabeto grekoa letra xehez eta zeinu diakritikoz hornitu zen pixkanaka.
Alfabeto grekoa feniziar alfabetoaren idazketa sistematik dator. Ez du inolako harremanik mizenastar greziera edo zipretar hizkuntza zaharren silabarioarekin, garai hartan grekoa zena idazteko erabiltzen zirenak. Alfabeto grekoak beste alfabeto asko sortu zituen Europan eta Ekialde Hurbilean, bereziki latindar alfabetoa barne,[1] alfabeto etruskoaren bidez. Greko modernoa idazteko balio izateaz gain, alfabeto grekoaren letrak sinbolo gisa erabiltzen dira zientzietan, partikulen izenak fisikan, izarren izenak, anaidien izenak, zikloi tropikalak eta abar izendatzeko.