Ameriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerrak

Ameriketako Espainiar lurraldeen independentzia gerrak Espainiaren eta Hispanoamerikaren artean bigarrengoen independentzia lortzeko helburuarekin emandako hainbat gerra iraultzaile izan ziren. XIX. mendearen hasieran eman ziren, Frantziako Napoleondar Gerretan Espainia inbaditu eta gero. Egon da ikerketa lerro bat kriolloen independentzia grinaren inguruan, Iberiatik bereizteko gogoa zutela esaten duena[1], baina badirudi Hego Amerikako politikari gehienen buruan ez zegoela independentzia hasiera batean, eta ez zutela uste hori ekidinezina zenik[2]. Fernando VII.a Espainiakoak boterea hartu zuenean 1814an, Borboien berrezarkuntzarekin, 1812ko Espainiako Konstituzioa arbuiatu zuen. Monarkiak zein liberalek euren itsasoz-haraindiko kolonien gaineko presioa areagotu zuten, independentzia grina gehiago piztuz[3].

Gatazka biolentoak 1809an hasi ziren, bizitza laburra izan zuten bi batzar probintzialekin Chuquisaca eta Quiton, Sevillako Batzar Orokor Zentralaren aurka. 1810ean batzar probintzial berriak agertu ziren Espainiaren menpeko lurretan zehar, Batzar Orokor Zentrala frantziar inbasioaren ondorioz erori zenean. Amerikako hainbat kolonietan koroaren politika batzuen aurkako jarrera bezegon ere, "interes txikia zegoen independentzia zuzenerako; berez Espainiako Batzar Orokorraren aldeko jarrera zegoen, Frantziaren aurkako erresistentziara bultzatu zuena."[4] Hispanoamerikar batzuek uste zuten independentzia beharrezkoa zela, batez ere hasiera batean gobernuak eratu zituztenen aldetik, Frantziarekiko autonomia mantentzeko modu gisa. Hurrengo hamarkadan Espainian egondako ezegonkortasun politikoak eta Fernando VII.aren berrezarkuntza absolutistak independentzia formalerako grina piztu zuen hispanoamerikar askorengan.

Gatazka hauek gerrilla zein gerra konbentzionalak izan ziren, baita nazio askapen gerra eta gerra zibil gisa ere. Kolonien eta Espainiaren aurteko gatazka hauek Argentina eta Txiletik Mexikoraino hedatu zen estatu independiente berrien kate bat sortu zuten XIX. mendearen lehen herenean. Kuba eta Puerto Rico Espainiaren eskuetan geratu ziren 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerra arte. Errepublika berriek arrazan oinarritutako sailkapen eta hierarkia, kasta sistema, Inkisizioa eta nobleziaren tituluak alboratu zituzten. Esklabotza ez zen zuzenean kendu baina mende laurdenean nazio berri guztietatik desagertu zen. Kriolloak zein mestizoak izan ziren aurrerantzean gobernu gehienen buru. Kriolloek mantendu zuten egitura sozialean klase gorena, batez ere kulturalki, nahiz eta legalki hala ez zen. Mende oso batean zehar kontserbadore eta liberalen arteko gatazkak izan ziren sortu berriak ziren estatuetan, politika horiek finkatu edo atzera botatzeko.

Hispanoamerikan emandako gertakariak guztiz lotuta daude beste independentzia gerra batzuekin, adibidez Frantzian emandako Haitiko Iraultza edo Brasilen independentziarekin. Azken honek hasiera antzekoa izan zuen, biak Iberiar Penintsularen inbasio frantziarrarekin lotuta baitaude. Pizkundean emandako giroan eman ziren gerra hauek, Atlantikoko Iraultzak sortu zituen mugimendu filosofiko bera.

  1. Bakewell, Peter; Brading, D. A.. (1992-06). «The First America: The Spanish Monarchy, Creole Patriots, and the Liberal State 1492-1867.» The American Historical Review 97 (3): 966.  doi:10.2307/2164979. ISSN 0002-8762. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  2. Hamnett, Brian R. 1942- Verfasser.. The end of Iberian rule on the American continent, 1770-1830. ISBN 9781107174641. PMC 993018784. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  3. (Ingelesez) Anna, Timothy E.. (2018-06-01). «Brian R. Hamnett. The End of Iberian Rule on the American Continent, 1770–1830.» The American Historical Review 123 (3): 985–986.  doi:10.1093/ahr/123.3.985. ISSN 0002-8762. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  4. Bushnell, David. «The Independence of Spanish South America» The Independence of Latin America (Cambridge University Press): 93–154. ISBN 9780511626043. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).

Developed by StudentB