Anfibio | |
---|---|
Frasniar-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Chordata |
Subfilum | Vertebrata |
Superklasea | Tetrapoda |
Klasea | Amphibia Gray, 1825[1]
|
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | Intsektua, Isopodoa, harra, Arachnida eta Gastropoda |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | amphibian as food (en) |
Anfibioak edo urlehortarrak[2] Amphibia animalia-klaseko ornodun ez-amniotoak (amniorik gabeak), tetrapodoak eta ektotermoak dira. Larba fasean brankien bidez eta heldu fasean biriken bidez arnasten dute.[3][4] Beste ornodunek ez bezala, beren bizi-zikloan zehar metamorfosia jasaten dute. Metamorfosia, zenbait animaliaren garapenean enbrioi eta heldutasun-faseen artean gertatzen den formaren eta egituraren aldaketa da. Anfibioak lehorrera moldatu ziren lehen animaliak izan ziren.[5] Gaur egun, ia mundu osoan zehar aurki daitezke anfibioak. Salbuespenak dira eskualde artikoak eta antartikoak, basamortu idorrak eta ozeanoko uharte gehienak.
Gaur egun hiru dira bizirik dirauten anfibio-ordenak: Anura (igel eta apoak), Urodela (uhandreak) eta Apodak (zezilioak). 7.000 bat espezie ezagutzen dira, eta horietatik %90 igelak dira. Anfibiorik txikiena (baita ornodunik txikiena ere) Ginea Berriko Paedophryne amauensis da, 7,7 milimetroko luzera duena. Gaur egungo anfibiorik handiena, aldiz, Andrias davidianus uhandrea da, 1,8 metroko tamainakoa. Brasilgo Permiarreko Prionosuchus generoak 9 metroko luzera zuen. Anfibioen ikerketari batrakologia esaten zaio eta, narrasti eta anfibioen ikerketa bateratuari, aldiz, herpetologia deritzo.