John Burgess Wilson (1917ko otsailaren 25a- 1993ko azaroaren 22a), Anthony Burgess idazteko erabiltzen zuen ezizenaz ezagunagoa, idazle, poeta, dramatzaile, konpositore, hizkuntzalari, itzultzaile eta literatura kritikari ingelesa izan zen.
Saiakerek eta eleberriek osatzen dute haren lanaren zatirik handiena. Bertan umorea eta kulturaren eta politikaren ikuspegi ironikoa nabari dira; ingeles eleberrigintzaren arazo nagusiak azpimarratu ditu bere kontakizunetan. Kazetaritza- eta kritika-lanak ere egin ditu. Kritikaren alorrean aipagarria du Joyceri egindako sarrera bat, Here Comes Everybody (1965), baina eleberrigile gisa bereziki ezaguna da. Burgessek Greeneren joerari jarraitu zion, baina idazle katolikoen sailean sar daitekeen arren, Burgessen kasuan askoz ere konplexuagoa eta liskartsuagoa izan zen idazlearen eta katolizismoaren arteko harremana. Izan ere, ez zen erlijio-praktikantea, eta oso eszeptiko eta ezkor agertu zen.
Haren obra zerrenda luzearen barruan “Hazi txiroa" (The Waiting Seed), “Hartzentzako eztia" (Honey fot the Bears), “Esku bateko txaloa"(One Hand Clapping) eta “1985” lanak daude. The Timesek Burguess “The 50 greatest British writers since 1945”[1] zerrendan 17.postua eskaini zion. Hori gutxi balitz, musikazale amorratua zen, bere lehenengo pasioa izanik, literaturaren aurretik. Bi sinfonia, hainbat sonata eta kontzertu idatzi zituen konpositore moduan nolabaiteko ospea bereganatuz. Hizkuntzekiko gaitasuna (malayarra, errusiarra, frantsesa, alemana, espainiera, italiera eta japoniarraz mintzo zen, berezko ingelesaz aparte eta bazekien hebreera, txinatarra, suediera eta persiera apur bat), “Ulam” izeneko fikziozko historiaurreko hizkuntza asmatuan ageri da primeran islatua “Suaren bilaketan” (Quest of fire) (1981) pelikulan. Jeanne Moreau eta André Delvauxekin batera izan zen epaile 1975ko Canneseko festibalean.