Antikomunismo terminoa erabiltzen da, adiera zabalenean, komunismoarekiko aurkakotasun edo etsaitasun jarrera teorikoen eta praktikoen multzoa izendatzeko. Hala, antikomunismoa izan daiteke posizionatze ideologiko hutsa, diskurtso politiko egituratu bat, ekintza politiko bat edo propaganda egitea. Alta, antikomunismo hitzaren zentzua aldakorra da, izan ere, "komunismoa" berak ere herrialdeetan oso mamitze desberdinak izan baitu. Antikomunismoaren nolakotasuna azaltzen duten faktoreak lotuta daude borrokatu nahi den komunismo motaren ezaugarriekin.[1]
Kontzeptua XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean bilakaera luzea izan zuen, batez ere, boltxebikeek Errusian 1917ko urrian boterea eskuratu eta SESB sortu ondoren: ordutik, funtsean, antikomunismoa erregimen komunisten eta inspirazio leninista eta estalinista zuten alderdien kontrako jarrera bezala definitu zen. 1930eko hamarkadan, antisemitismoarekin batera, Alemania naziak martxan jarritako politiketako bat izan zen. Bigarren Mundu Gerraren ostean, antikomunismoa Estatu Batuen barne eta kanpo politikako funtsezko elementu bihurtu zen, SESBerekin aurrez aurre kontrajarriko dena Gerra Hotzaren garaian.