Antzerkia[1] edo teatroa[2] (greziera klasikoz "theatron", θέατρον, edo ikusteko lekua) arte eszenikoa da, non publikoaren aurrean istorioak kontatzen diren antzezpen baten bidez, hau da, hitzez eta imintzioz egindako ikuskizunaren bidez, batzuetan musikaz eta dantzaz lagunduta edo txotxongilo bezalako osagaiekin.
Antzezlanak arlo honetako egintzak dira, eta zatika banatuta daude normalean, eta zati horietako bakoitzak ekitaldi, ekinaldi edo gertaldi izena hartzen du.
Halaber, antzerkitzat hartzen da publiko baten aurrean antzeztutako edo zineman grabatu eta erreproduzitzeko antzezlanak biltzen dituen literatura-generoa. Narratiba arruntaz gain, elkarrizketa-estiloa, antzerkiak beste forma batzuk ere hartzen ditu, hala nola opera, balleta, zinema, opera txinatarra edo pantomima.
Antzerkiaren Mundu Eguna 1961az geroztik ospatzen da[3]. Zehazki, urte bakoitzeko martxoaren 27an ospatzen da data hori, Nazioarteko Antzerki Institutuak zehaztuta, antzerkiak kulturarentzat mundu osoan zer adierazten duen erakusteko arrazoia.
Azkenik, antzokiak[4] dira arte mota hau eskaintzeko leku fisikoak, kalean ere emankizunak burutzen diren arren.