Antzinako Erroma

Erromako Foroa hiriko bihotz politikoa izan zen.

Historiografian, Antzinako Erroma esaten zaio K.a. VIII. mendean Erroma hiria fundatu zenetik K. o. V. mendean Mendebaldeko Erromatar Inperioa erori zen arte existitu zen erromatar zibilizazioari; Monarkia, Errepublika eta Inperio garaiak biltzen ditu.[1] K.a. VIII. mendean Italiar penintsulan eman zen asentamendu batekin hasi zen guztia; hori Erromako hirian bilakatu zen eta honek eman zion izena ondoren sortu zen inperio osoari eta bertako zibilizazioari. Erromako inperioa izugarri zabaldu zen, antzinako inperiorik handienetarikoa bilakatzera iritsiz; hiritik gobernatua izaten jarraitzen zuen eta 50 eta 90 milioi biztanle artean zituen (munduko biztanleria osoaren % 20, gutxi gorabehera).[2]

Iraun zuen mendeetan zehar Erromako estatuak forma ezberdinak ezagutu zituen: monarkiatik hasi, Errepublika Klasikotik igaro eta inperio autokratikoa izateraino. Konkista eta asimilazioen bidez lur eremu zabala kontrolatzera iritsi zen, Mediterraneoa, Mendebaldeko Europa, Asia Txikia, Iparraldeko Afrika eta Iparralde eta Ekialdeko Europa zatiak. Askotan Antzinako Greziarekin elkartu ohi da Antzinate Klasikoa osatuz, bien gizarte eta kulturak antzekotasun ugari zituzten eta greko-erromatar moduan ezagutzen da.

Erromaren menpeko lurren garapena.

Antzinako Erromako zibilizazioak ekarpen asko egin dizkie gaur egungo gobernu, lege, politika, ingeniaritza, arte, literatura, arkitektura, teknologia, gerra, erlijio, hizkuntza eta gizarteari.[3] Erromak bere indar militarrak profesionalizatu eta zabaldu zituen eta res publica izeneko gobernu sistema asmatu zuen, gaur egungo errepublika modernoen oinarri izan dena. Lorpen eta garapen izugarriak egin zituzten teknologia eta arkitekturan, besteak beste ura banatzeko akueduktu sistema osoa eta errepide sarea eraiki zuten eta baita monumentu, jauregi eta erabilera publikoko zerbitzu asko ere.[4]

Errepublika aroaren amaierarako Erromak Mediterraneo eta hurrunagoko lurrak konkistatu zituen: Atlantikotik Arabiaraino eta Rhinetik Iparraldeko Afrikaraino zabaltzen zen. Errepublikaren amaiera eta Zesar Augustoren diktadurarekin Erromatar Inperioa jaio zen. K.a. 92. urtean Erromatar-Pertsiar gerrak jasi ziren Partiar Inperioaen aurkako lehen gerrarekin. 721 urtez luzatu zen gerra garaia, eta inoizko gatazkarik luzeena bilakatu zen, bi aldeentzako ondorio iraunkor eta nabarmenak eraginez. Trajanoren agindupean inperioak bere hedadura handiena lortu zuen. Inperioaren aroan ohitura eta tradizio errepublikarren gainbehera hasi zen eta gerra zibilak enperadore berri baten altsamenduaren ohiko aurrekari bilakatu ziren.[5][6][7]

V. mendean, barne estabilitate faltagatik eta migrazio mugimendu indartsuen ondorioz, Mendebaldeko Erromatar Inperioa zatitu egin zen, barbaroen esku geratuz. Inperioaren ekialdeko beste erdiak beste 1000 urte inguruz iraun zuen, 1453 urtera arte. Garai hartan bertako biztanleentzat inolako aldaketarik suposatu ez zuen arren, historialari modernoek Bizantziar Inperioa bezala izendatzen dute garai honetako inperioa, lehenago izan zenarekin ezberdinduz.[8]

  1. (Ingelesez) «ancient Rome | Facts, Maps, & History» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  2. «Roman Empire Population | UNRV.com» www.unrv.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  3. «Antzinako Erroma | Infogunea» info.ikasgune.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  4. «Antzinako Erroma: egitura politikoa | Infogunea» info.ikasgune.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  5. (Ingelesez) Ferrero, Guglielmo. (1909). The Greatness and Decline of Rome. G.P. Putnam's Sons (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  6. (Ingelesez) Hadfield, Andrew; Hadfield, Professor of English Andrew. (2005-07-21). Shakespeare and Republicanism. Cambridge University Press ISBN 9780521816076. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  7. (Ingelesez) Gray, Christopher B.. (1999). The Philosophy of Law: An Encyclopedia. Taylor & Francis ISBN 9780815313441. (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  8. «Byzantine Empire» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).

Developed by StudentB