Arabako euskara

Arabako azpieuskalkien gutxi gorabeherako eremuak, XVI.-XVIII. mendeetan.[1]
Gaur egungo euskalkien eremuak, Koldo Zuazoren XXI. mendeko sailkapenari jarraituz

Arabako euskara edo Arabako euskalkia[2] galdutako euskalki bat da, Arabako lurretan hitz egiten zena. Gaur egun, euskarak Arabako iparraldean, Aramaio eta Legutioko udalerrietan dirau bizirik, eta mendebaleko euskalkikoa da. Koldo Mitxelenak Arabako euskara euskalki beregaintzat sailkatu zuen, eta hegoaldeko dialektoa deitu. Geroztik agertu diren euskalki horretako testu guztiak aztertuta, ordea, gaur egun nagusi den tesia da (Koldo Zuazok azaldu du hobekien)[3] Arabako euskarak bi eremu ondo bereziak zituela, eta bien arteko hirugarren bat ere bai (ikus eremuak eskuineko mapan):

  1. Arabako sartaldeko azpieuskalkia: bere ezaugarriengatik, mendebaleko euskararen (bizkaiera) barruan sailkatzekoa. Hizkera haren lekuko dugu Joan Perez Betolatza betolatzarra.
  2. Arabako erdialdeko azpieuskalkia: sartaldekoaren eta sortaldekoaren arteko ezaugarriak zituen. Mendebaleko euskararen barruan sailkatzekoa da, euskalki horretako ezaugarriak baitzituen gehienbat. Hizkera haren lekuko dugu Joan Perez Lazarraga larreatarra.
  3. Arabako sortaldeko azpieuskalkia: mendebaleko euskararen, erdialdeko euskararen (gipuzkera) eta nafarreraren ezaugarriak zituen. Hizkera haren lekuko ditugu Joan Bautista Gamiz sabandoarra eta Julian Gartzia Albenizko araiarra.

Arabako sartaldeko euskararen hainbat ezaugarri Arabaren mugetatik hegoalderago hedatu eta Burgosko nahiz Errioxako lurretara iristen zirela pentsarazten dute hango euskararen arrastoek.

  1. Arabako toponimoetan eta garai hartako Arabako euskal idazleen testuetan oinarritua dago mapa. Iturria: Koldo Zuazo (1997), «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.
  2. Zenbaitek arabera izena erabili dute, baina Euskaltzaindiak berariaz esan du forma hori nahasgarria dela eta Arabako euskara dela formarik egokiena «euskalki zaharra, eta, batez ere, Mediterraneoko isurialdekoa, izendatzeko» (ikus Euskaltzaindiaren 57. araua: «Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak»).
  3. Koldo Zuazo (1997): «Euskara Araban», Uztaro, 21. zenbakia, 79-95. orrialdeak.

Developed by StudentB