Argien Garaia edo Ilustrazioa[oh 1] Europa osoan zehar hedatu zen XVII. eta XVIII. mendeetako mugimendu kultural, intelektual eta filosofikoa izan zen, mundu osoan eragina izan zuena[1][2]. Ilustrazioak giza zoriontasunaren balioan, arrazoiaren bidez lortutako ezagutzaren bilaketan eta zentzumenen ebidentzian oinarritutako ideia batzuk biltzen zituen, eta idealak, hala nola lege naturala, askatasuna, aurrerapena, tolerantzia, anaitasuna, gobernu konstituzionala eta Elizaren eta Estatuaren banaketa[3][4]. Ingalaterran hasi zen eta Frantzian, Alemanian eta Espainian ere mamitu zen. Eragin politikoa, zientifikoa, ekonomikoa eta soziala izan zuen. Euskal Herrian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea da garai hartako emaitzarik nabarmenena[5].
Ilustrazioaren aurretik Iraultza Zientifikoa eta Francis Bacon, John Locke eta beste batzuen lana egon ziren. Batzuek René Descartesen 1637ko Metodoaren diskurtsoaren argitalpenari egozten diote Ilustrazioaren hasiera, non bere Cogito, ergo sum ("Pentsatzen dut, beraz banaiz") epai ospetsua agertzen den. Beste batzuek Isaac Newtonen Principia Mathematica (1687) argitalpena aipatzen dute, Iraultza Zientifikoaren amaiera eta Ilustrazioaren hasiera bezala. Historialari europarrak, tradizioz, Luis XIV.a Frantziakoa 1715ean hil zenean ezarri ohi dute eta 1789an Frantziako Iraultza piztu zenean bere amaiera. Gaur egun, historialari askok XIX. mendearen hasieran kokatzen dute Ilustrazioaren amaiera, eta Immanuel Kanten heriotza proposatu da azken urte gisa, 1804an. Beste autore batzuen arabera, XIX. mendearen hasiera Ilustrazioaren amaiera baino bere jarraipen kritikoa litzateke. Horrela, ilustrazioaren lehen kritikoa Kant ilustratua izan bazen, ondoren, XIX. mendeko Alemanian, ilustrazioko gai klasikoak lantzen jarraituko dute Herder bezalako autoreek[6].
Garaiko filosofo eta zientzialariek beren ideiak zabal zabaldu zituzten akademia zientifikoetan, logia masonikoetan, areto literarioetan, kafetegietan eta liburu inprimatuetan, aldizkarietan eta panfletoetan. Argien Garaian sortu eta egin ziren Europako lehen entziklopediak, adibidez Denis Diderotek eta Jean le Rond d'Alembertek garatutako Encyclopédie ospetsua[7]. Ilustrazioaren ideiek monarkiaren eta Eliza Katolikoaren autoritatea ahuldu zuten eta XVIII. eta XIX. mendeetako iraultza politikoetarako bidea erraztu zuten. XIX. mendeko hainbat mugimenduk, hala nola liberalismoak, komunismoak eta neoklasizismoak, Ilustrazioaren oinordetza intelektuala ekarri zuten[8].
Ilustrazioaren doktrina nagusiak askatasun indibiduala eta tolerantzia erlijiosoa ziren, monarkia absolutu baten eta Elizaren dogma finkoen aurka. Gizartekoitasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioek ere zeregin garrantzitsua izan zuten gizartea oro har hobetzeko ezagutza erabilgarrien zabalkundean. Ilustrazioaren ezaugarria izan zen gogamenaren eta munduko eguneroko baliabideen arteko harremanaren kontzientzia gero eta handiagoa izatea[9], eta metodo zientifikoa eta erredukzionismoa azpimarratzea, baita ortodoxia erlijiosoa gehiago zalantzan jartzea ere. Kanten saiakeran islatutako jarrera, Zer da Ilustrazioa? galderari erantzunez, non Sapere aude den bere erantzuna (Ausartu zaitez jakitera)[10].
« | “Ilustrazioa da gizakia bere erruzko adingabetasunetik irtetea. Adingabetasuna, berriz, besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna da. Norberaren erruzkoa da, adingabetasunaren zergatia ez baitatza adimenik ezean, nork bere buruaz besteren gidaritzarik gabe erabakitzeko gaitasun eta kuraiarik ezean baizik. Sapere aude! "Ausart zaitez zure adimenaz baliatzen!" Horra hor ilustrazioaren goiburua”. | » |
—Kant. |
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found