Armenia[1] (armenieraz: Հայաստան, Hayastan), ofizialki Armeniako Errepublika (armenieraz: Հայաստանի Հանրապետություն, Hayastani Hanrapetut’yun), hego-mendebaldeko Asiako estatu itsasgabea da, hegoaldeko Kaukasian dagoena. 1991 arte sobietar errepublika federatua izan zen. Mugakide ditu Turkia mendebaldean, Georgia iparraldean, Azerbaijan ekialdean, eta Iran eta Azerbaijango Nakhitxevan eskualde autonomoa hegoaldean. 29.743 kilometro koadroko eremua du,[2] eta 2011n 3.018.854 biztanle zituen.[2] Hiriburua Erevan da (1.091.234 biztanle).
Nahiz eta Asian kokatua egon, autore ugarik kulturaz, historiaz eta politikaz Europako zatitzat hartzen dute.[3][4] Nazioarteko 45 erakundeko kide da, hala nola, NBE, Europako Kontseilua eta Estatu Burujabeen Erkidegoa. Frankofoniaren Nazioarteko Elkarteko kide ere bada.[5]
Ondare historiko aberatsekoa, munduko zibilizazio zaharrenetakoa da. Konstituzioaren arabera estatu sekularra den arren, kristautasunak garrantzi handia izan du Armenian, estatu-erlijio izendatu zuen munduko lehen estatua izan baitzen 301ean.[6]
Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found