Augusto José Ramón Pinochet Ugarte (Valparaíso, 1915eko azaroaren 25a- Providencia, Santiagoko metropolitar eskualdea, 2006ko abenduaren 10a) militarra izan zen, eta Txileko diktadorea 1973tik 1990era bitartean.
1973an, Txileko armadaren komandante buru egin zuten. Urte horretako irailaren 11n, AEBetako CIA agentziaren laguntzaz, estatu kolpea zuzendu zuen, eta Salvador Allenderen gobernu demokratikoa eraitsi zuen. Hortik aurrera, Pinochetek hartu zuen Txileko gobernua; hasieran, Gobernukoa Junta Militarreko presidente karguan. Gero, aginte betearazlearen jabe egin zen, eta nazioaren buruzagi gorena bihurtu zen. Haren diktadurak 1990eko martxoaren 11 arte iraun zuen, Patricio Aylwin Txileko presidente bilakatu arte.
Pinocheten agintearen pean, herriak errepresio-urte odoltsuak jasan zituen. Rettig izeneko txostenaren arabera, haren erregimenaren 17 urte beltz haietan, 1.151 lagun hil zituzten, eta 979 atxilotu edo desagerrarazi.