|
BRICS bost estatu burujabe (Brasil, Errusia, Hegoafrika, India eta Txina) batzen dituen nazioarteko ekonomia erakundea da. BRICS izena estatu kideen ingelesezko izenen akronimoa da: Brazil, Russia, India, China eta South Africa. Jatorrizko izena BRIC zuen, harik eta 2010. urtean Hegoafrika erakunde horretara batu zen arte. Bost estatu horien ekonomiak handiak dira, hazkunde esponentziala dute, eta eragin handia dute munduan. BRICSek munduko lur azaleraren % 26,7 barne hartzen du, eta munduko biztanleen % 41,5. Haien barne produktu gordin (BPG) nominala 28,06 bilioi estatubatuar dolar da, mundu osoko BGP nominalaren % 26,6; haien erosahalmenaren parekotasuneko BPGa, berriz, gutxi gorabehera 56,65 bilioi estatubatuar dolar da, mundu osoko erosahalmenaren parekotasuneko BGParen % 32,5.[1][2]
2023ko abuztuan BRICSek egindako goi bileran onartu zen erakunde horretara batuko direla Iran, Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia, Argentina, Egipto eta Etiopia. Batze hori 2024ko urtarrilaren 1ean gauzatuko da, eta BRICS izena ez da aldatuko.[3][4]
BRIC izena Jim O'Neill ekonomialariak asmatu zuen, 2001. urtean, Building Better Global Economic BRICs bere libururako.[5]