Balentzia elementu kimiko batek bere azken energia maila osatzeko hartu edo utzi behar duen elektroi kopurua da. Elektroi hauek lotura kimikoak osatzeko edo erreakzio kimikoak aurrera eramateko erabiliko ditu. Kontzeptua XIX. mendearen bigarren erdialdean hasi zen garatzen, gai kimikoen formulak arrazionalizatzeko asmoz. Gaur egun, goi mailako ikerketan ez da erabiltzen, gai kimikoen elkarketaren teoriak aurrera egin baitu. Hala ere, oinarrizko ikasketetan erabiltzen da, hurbilketa aproposa baita. XX. mendean zehar garatu zen balentziaren kontzeptua, eta hainbat hurbilketa egin dira lotura kimikoa deskribatzeko; besteak beste, Lewisen egitura (1916), balentzia loturaren teoria (1927), orbital molekularren teoria (1928), Balentzia Geruzako Elektroi Pareen Aldarapenaren Teoria (1958) eta kimika kuantikoko metodo aurreratu guztiak.
Kimikan, elementu baten balentzia da beste atomo batzuekin konbinatzeko duen gaitasunaren neurria, konposatu kimikoak edo molekulak eratzen dituenean. Horrela, autore bakoitzak balentziaren definizio bat erabiltzen du eta horrek definizio zuzena aukeratzeko eztabaida eragin du. Adibidez, autore batzuek nahastu egiten dituzte koordinazio-zenbakia edo oxidazio-egoera eta balentzia, hiru termino horiek hiru gauza desberdin diren arren.