Bartzelona Futbol Kluba —edo, besterik gabe, Bartzelona edo Barça— (katalanez Futbol Club Barcelona) Bartzelona hiriko kirol-elkartea da, 1899ko azaroaren 29an Joan Gamperrek sortua. Haren goiburua El Barça és més que un club da (Bartzelona talde bat baino gehiago da), Katalunian duen esanahi sozial eta politikoa dela eta. Kirol askotan talde profesionala dauka FC Bartzelonak: saskibaloian, eskubaloian eta hockeyan. Amateur taldeak ere baditu beste kirol askotan, baina futbol arloa da elkarteko adar nagusia, gainerako kirolak ordaintzen dituena.
Espainiako futbol liga 26 aldiz irabazi duelarik, txapelketa horretan titulu gehien dituzten taldeen arten bigarrena da; lehena Real Madril da, Bartzelonaren arerio historiko nagusia. Errege Kopa, berriz, 30 alditan irabazi du, beste ezein taldek baino gehiagotan, alegia. Nazioartean 15 txapelketa irabazi ditu tartean bi aldiz FIFAren Kluben arteko Munduko Kopa eta bost aldiz UEFAko Txapeldunen Liga, azkenengoa 2015eko ekainaren 6an.
FC Bartzelonak Unicefen iragarkia darama elastikoan; eta, ezkerreko besoan, TV3ko logoa. 2005/2006ko denboraldiaz geroztik, senyera —Kataluniako bandera— darama bere ekipamenduan, elkarteak Kataluniarekin duen harreman sendoaren erakusgarri.