Basilisko (agintaria) | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
475eko urtarrilaren 9a - 476ko abuztua ← Zenon I.a - Zenon I.a →
| |||||||
Bizitza | |||||||
Jaiotza | Kapadozia, ? | ||||||
Herrialdea | Bizantziar Inperioa | ||||||
Heriotza | Kapadozia, 476 ( urte) | ||||||
Heriotza modua | heriotza zigorra: Ahuleria | ||||||
Familia | |||||||
Aita | father of Basiliscus | ||||||
Ezkontidea(k) | Zenonis | ||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||
Haurrideak | ikusi
| ||||||
Leinua | House of Leo (en) | ||||||
Jarduerak | |||||||
Jarduerak | politikaria eta militarra | ||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||
Erlijioa | kristautasun ortodoxoa |
Flabio Basilisko (k.o. ? - 476/477ko negua), Ekialdeko Erromatar Inperioko enperadorea izan zen 475eko urtarrilaren 9tik 476ko abuztu arte. Zenon I.a enperadoreak matxinada baten ondorioz Konstantinoplatik ihes egin zuenean iritsi zen Basilisko agintera. Bizantziar Inperioko agintaria izan zela ere esaten da zenbaitetan, Bizantziar Inperioa historian noiz hasten den oso argi ez baitago.
Basiliskoren arreba Aelia Berina enperatriza zen, Leon I.a enperadorearen emaztea, hain zuzen. Bere koinatuari esker kargu militar garrantzitsuak lortu zituen eta, garrantzi gutxiko zenbait lorpenen ostean, 468. urtean Afrika iparraldeko bandaloen erresuma erasotzeko enkargua egotzi zioten. Inbasioa Bizantzioren historiako porrot handienetako bat izan zen, eta Basiliskok Leonen mesedea galdu zuen; Tarasikodissa isauriarra, ostera Zenon I.a, izango zen aurrerantzean Leonen kuttuna.
Basiliskok Zenon agintariaren onarpen eza erabili zuen boterea lortzeko. Zenon inperioko probintzia basati batekoa zen, atzerritarra nolabait, eta hori ez zen Konstantinoplako biztanleen gogoko. Berina enperatrizak Zenonen aurkako konplot bat burutu zuen 475. urtean eta isauriarrak Konstantinoplatik alde egin bezain laster Basilisko agintari bihurtu zen. Zenon onartua izan ez bazen ere horrek ez zuen Basilisko onartua izango zenik esan nahi, kasu honetan bere politika erlijiosoak aztoratu zuen biztanleria; izan ere Basilisko monofisista zen eta monofisismoaren alde jokatu zuen, horrek hiriburuko kleroa asaldatu zuen, politika erlijioso berriaren etekin bakarra ekialdeko probintzien fideltasuna bermatzea izan zen. Kleroa ez zen ordea Basiliskoren aurkari bakarra izan, agintera iritsitakoan berarekiko fidelak ziren pertsonak ipini zituen administrazio inperialeko karguetan, horrek gorteko pertsonaia boteretsuenen gorrotoa ekarri zion baita Berina beraren aldentzea. Erbestean zen Zenonek ez zuen denbora galdu, Antiokian indarrak bildu eta Konstantinoplara itzuli zenean Basiliskok ezin izan zion aurre egin. Basilisko atxilotua eta exekutatua izan zen bere familiarekin batera 476-477 urteen arteko neguan nonbait.
Zenon eta Basiliskoren arteko gatazkak Ekialdeko Inperio Erromatarrak Mendebaldeko Inperio Erromatarra laguntzea ekidin zuen, izan ere aldi berdinean Odoakro buruzagi heruloak zuzendurik ostrogodoek Romulo Augustuloren agintaldiarekin amaitu zuten Mendebaldeko Erromatar Inperioa behin betiko suntsituz. Tronua berreskuratu berri zuen Zenonek ez zuen ezer egiterik jada, Odoakrok Inperio Erromatarraren ikurrak Konstantinoplara bidali zituen Zenon Inperio Erromatarreko agintari bakarra zela onartuz, Zenonek Odoakro Italiako gobernari izendatu zuen joko diplomatiko bikain honekin jarraituz, gauzak horrela Italia izenez inperioaren barnean bazen ere germaniarren eskuetan zen jada.