Batezbesteko aritmetiko sinplea, besterik gabe batezbesteko aritmetiko ere deitua, estatistikan maiz erabiltzen den batezbesteko eta zentro-joerako neurri bat da. Erdigunerako neurri gisa, datu-multzo baten batez besteko aritmetiko sinplearen inguruan biltzen dira datu guztiak, datuen gutxi gorabeherako zentro-joera bat emanez. Beraz, bere helburua, datu guztiak balio bakar batez ordeztea da [1].
Adibidez, ikasle batek bi azterketetan lortutako kalifikazioak 6 eta 8 izan badira, kalifikazioen batezbesteko aritmetiko sinplea 7 da [2] (kalifikazioak batuz eta kalifikazio kopuruaz zatituz: (6+8)/2=7) eta, beraz, kalifikazio orokorra 7 dela esan daiteke.
Zentro-joerarako neurri eta batezbesteko guztietan gehien erabiltzen den neurria da, bere kalkuluaren erraztasunagatik eta esanahiaren argitasunagatik. Horregatik, batezbesteko aritmetiko sinplea izen osoa aipatu ordez, batezbesteko esan ohi da laburrago. Egunerokoan, aplikazio zabalak dituen neurria da: ikasle batek azterketa ezberdinetan lorturiko batez besteko kalifikazioa lortzeko, azterketa batean ikasle zenbaitek lorturiko kalifikazioen batezbestekoa kalkulatzeko, hil ezberdinetan zehar hileko kontsumitu den batez besteko argindar-kopurua emateko, denda batean egunero batez bestez zenbat saltzen den zenbatesteko, futbol jokalari batek partidu bakoitzean zenbat gol egiten dituen jakiteko, eta abar. Datuetarako kalkulatzeaz gainera, probabilitate-banaketa eta bestelako objektu matematikoetarako ere kalkulatu daitekeen neurria da, itxaropen matematikoaren bitartez.