Kolore koordenatuak | ||
---|---|---|
Hamaseitarra | #008000 | |
RGB | (r, g, b) | (0, 128, 0) |
CMYKN | (c, m, y, k) | (100, 0, 100, 50) |
HSV | (h, s, v) | (120°, 100%, 50%) |
Berdea edo orlegia[neol. 1] urdinaren eta horiaren arteko kolorea da espektro ikusgarrian. 495-570 nm inguruko uhin luzera duen argiaren izena izaten da. Pinturan eta kolore-inprimaketan erabiltzen diren kolore kenkarien sistemetan, horia eta urdina edo horia eta ziana konbinatuz sortzen da; RGB kolorearen ereduan, telebista eta ordenagailuko pantailetan erabiltzen dena, kolore gehigarri primarioetako bat da, gorria eta urdinarekin batera, konbinazio ezberdinetan nahasten direnak beste kolore guztiak sortzeko. Naturan, kolore berdearen eragilerik handiena klorofila da, landareek fotosintetizatu eta eguzki-argia energia kimiko bihurtzeko erabiltzen duten substantzia kimikoa. Izaki asko beren ingurune berdeetara egokitu dira, kamuflaje gisa tonu berdea hartuz. Zenbait mineralek kolore berdea dute, esmeralda barne, kromo edukiagatik berdez tindatzen dena.
Erdi Aroko eta Aro Modernoko Europan, berdea aberastasunarekin, merkatariekin eta bankariekin eta lotutako kolorea zen, gorria nobleziarentzat gordeta zegoen bitartean. Arrazoi horrengatik, Leonardo da Vinciren Mona Lisaren jantzia eta britainiar Komunen Ganberako bankuak berdeak dira, Lorden Ganberakoak gorriak diren bitartean[1]. Halaber, tradizio historiko luzea du, Irlandaren eta kultura gaelikoaren kolorea bezala; Euskal Herrian ere abertzaleek erabilitako kolorea da. Islamaren kolore historikoa da, Paradisuko landaredi oparoa irudikatzen duena. Mahomaren estandartearen kolorea zen, eta ia herrialde islamiar guztietako banderetan dago[1].
Amerikako, Europako eta Islama nagusi den herrialdeetan egindako inkestetan, berdea naturarekin, bizitzarekin, osasunarekin, gaztetasunarekin, udaberriarekin, itxaropenarekin eta inbidiarekin gehien lotzen den kolorea da. Europar Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan ere, berdea batzuetan toxikotasunarekin eta osasun txarrarekin lotzen da, baina Txinan eta Asiako zatirik handienean, bere konnotazioak oso positiboak dira, emankortasunaren eta zoriontasunaren sinbolo bezala. Ingurumenaren babesaren eta justizia sozialaren aldeko talde politikoek mugimendu berdearen zati gisa deskribatzen dute beren burua, eta batzuek alderdi berde deitzen diote beren buruari. Horren ondorioz, publizitatean antzeko kanpainak egin dira, enpresek produktu berdeak edo ingurumena errespetatzen dutenak saldu baitituzte. Berdea segurtasunaren eta baimenaren kolore tradizionala ere bada; argi berde batek aurrera jarraitzea esan nahi du, txartel berde batek Estatu Batuetan behin betiko bizitzea ahalbidetzen du.
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "neol.", but no corresponding <references group="neol."/>
tag was found