Berezko sorkuntza

Van Helmonten ustez arratoiak sor zitezkeen gari zikinetik abiatuta


Berezko sorkuntza, bapateko sorrera edo sortze espontaneoa ere deitua, bizidunak materia bizigabetik sor zitezkeela zioen teoria biologikoa izan zen, aurreko mendeetan oso zabaldua egon zena. Teoria horren arabera, esaterako, bizidun konplexuak substantzia organikoen deskonposaketatik sor zitezkeen.

Berezko sorkuntzaren hipotesia Aristotelesek enuntziatu zuen estreinakoz, behaketa zuzenak itxuraz bera defendatzeko arrazoiak ematen baitzituen: usteltzen ari zen haragitik euliak agertzen ziren, landareetatik erortzen zen ihintzetik landare zorriak, ur masen hondoan deskonposatzen ari ziren enborretatik krokodiloak, lasto edo gari zikinetik arratoiak, etab. Harrigarria da Van Helmont kimikari ospetsuak (kimika arloan XVII. mendean ekarpen garrantzitsuak egin zituena) arratoiak sortzeko errezeta bat plazaratzea, trapu zahar eta gari pixka bat pilatuz:

« Zorriak, kaparrak, arkakusoak eta zizareak gure errai eta iraizkinetatik sortzen dira. Gure jantzipean erabiltzen dugun izerdiz betetako arropa aho zabaleko ontzi batean elkartzen badugu, 21 egunen ondoren gariaren zahian zehar sartzen ari diren eflubioak aldatu egiten dira, hauek arratoiengatik aldatuz. Halakoak bi sexuetakoak ikus daitezke eta ohiko moduan sortutako beste batzuekin gurutza daitezke. »


Hala ere, XVII. mendean bertan ere Francesco Redi italiarrak frogatu zuen haragi ustelduan ez zela inongo larbarik agertzen eragozten baldin bazen euliek haien arrautzak bertan jar zitzaten.

XVIII. mendean beste italiar batek, Lazzaro Spallanzanik, sortze espontaneoaren puntu ahulak agerian utzi zituen berak asmatutako esperimentu zorrotz batzuen bidez.

XIX. mendean eztabaida sutsuak burutu ziren berezko sorkuntzaren aldekoen eta aurkakoen artean. Orokorrean, bizidun konplexuentzat teoria horrek ez zuela balio onartzen zen, baina mikrobioentzat egiazkoa zela defendatzen zuten zientzialari batzuek. Baina 1861ean Louis Pasteur mikrobiologo frantziarrak berezko sorkuntzaren teoria deuseztatu zuen esperimentu multzo bikain batzuen bitartez, materia biziak bizigabeko materiatik ez zuen inondik inora sortu ahal frogatuz.


Developed by StudentB