Bernard Law Montgomery (Kennington, Londres, 1887ko azaroaren 17 – Alton, Hampshire, 1976ko martxoaren 24) Erresuma Batuko armadako ofizial nabarmendua izan zen, batez ere Bigarren Mundu Gerran egindako lanarengatik.
Bere lorpen handiena Erwin Rommelen Afrika Korps Ipar Afrikatik kanporatzea izan liteke. Izan ere, El Alameineko bigarren batailan alemaniarrak garaituta, Ipar Afrika Aliatuen eskuetan geratu zen. Horren ondoren, Italian eta Ipar-Mendebaldeko Europan aritu zen. Aliatuen lur-indarren burua izan zen Normandiako Lehorreratzean.