Bero-bolada

Europan 2003an pairatutako beroaldiaren mapa koloretan: Frantzian eraginik okerrenak eduki zituen.
Artikulu hau meteorologia-gertakariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Beroaldi».

Beroaldia edo bero-bolada eskualde batean gertatzen den aparteko bero egoera iraunkorra da. Egun batzuetako batez besteko tenperatura minimo eta maximo zehatzak gainditzen direnean gertatzen da, ikuspuntu meteorologiko batetik. Ez da nahastu behar egun jakin batean gerta daitekeen bero punta batekin. Askotan bero-boladekin batera hezetasun handia agertzen da, batez ere klima ozeanikoko herrialdeetan. Ez dago bero-boladaren definizio estandarizaturik, herrialde bakoitzeko meteorologia-agentziek definizio propioak dituzte.[1] Eskualdeko klimaren araberakoa da, klima beroagoa duten pertsonek normaltzat jotzen dituzten tenperaturei bero-bolada deritze eremu hotzago batean; hala, Donostian eta Berlinen ezberdinak lirateke beroaldia definitzeko irizpide zehatzak.[1] Meteorologiako Estatu Agentziaren arabera, AEMET-en arabera, bero-bolada baten intentsitatea zehazten duten hiru faktoreak hauek dira: lortutako tenperaturak, iraupena eta eragindako lurraldea. [2]

Bero-boladak sortzen dira goi-atmosferan presio handiko eremu bat indartzen denean eta eskualde baten gainean egun batzuetatik aste batzuetara arte egoten denean. Horrek beroa harrapatzen du lurretik gertu. [3] Suteekin lotuta etortzen da sarritan, euri faltak ekarritako lurraren lehortearekin batera.

2022ko Europako bero-bolada, uztailaren 3tik 9ra bitartean.

Euskal Herrian, beroaldiak udan gertatu ohi dira, eta Azoreetako antizikloiarekin loturik egoten dira; hain zuzen, antizikloia Europa gainean dagoelarik gertatu ohi dira beroaldiak, iparretik etortzen diren beheraguneak blokeatu eta Espainia eta Afrika Iparraldeko beroa datorrenean.

2023ko uztailaren 11ko bero-bolada Espainian, non eskualde batzuetan lurzoruaren azaleko tenperatura (LST) 60 ºC-tik gorakoa izan zen.

Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen arabera, klima-aldaketaren eraginez, bero-boladek gora egingo dute maila globalean.[4] Berotze globalaren eta klima-aldaketaren ondorioz, hurrengo urteetan bero-boladak luzeagoak, muturrekoagoak eta ohikoagoak izango dira.[5]

Bero-boladek ondorio nabarmenak izan ditzakete gizakien osasunean, ingurumenean eta azpiegituran.[4] Osasunari dagokionez, bero-boladek ondorio larriak eragin ditzakete, bereziki ahulenak diren biztanle-taldeengan: adinekoengan, haur txikiengan eta gaixotasun kronikoak dituztenengan.[6] Ondorio batzuk hauek izan daitezke: bero-kolpeak, deshidratazioa, akidura eta lehendik zeuden baldintza medikoak larriagotzea. Ingurumen-ondorio esanguratsuei dagokienez, bero-boladek estres hidrikoa eragin dezakete ekosistemetan, baso-suteak izateko arriskua areagotu dezakete eta airearen kalitatea eta baliabide hidrikoak degradatzen lagundu.[7]

  1. a b (Ingelesez) Robinson, Peter J.. (2001-04). «On the Definition of a Heat Wave» Journal of Applied Meteorology 40 (4): 762–775.  doi:10.1175/1520-0450(2001)040<0762:OTDOAH>2.0.CO;2. ISSN 0894-8763. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).[Betiko hautsitako esteka]
  2. (Gaztelaniaz) @NatGeoES. (2022-07-13). «¿Qué es una ola de calor y cómo diferenciarla de las temperaturas propias del verano?» National Geographic (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  3. US Department of Commerce, NOAA. "NWS JetStream - Heat Index".https://www.noaa.gov/jetstream
  4. a b Hoegh-Guldberg, O., D. Jacob, M. Taylor, M. Bindi, S. Brown, I. Camilloni, A. Diedhiou, R. Djalante, K.L. Ebi, F. Engelbrecht, J. Guiot, Y. Hijioka, S. Mehrotra, A. Payne, S.I. Seneviratne, A. Thomas, R. Warren, and G. Zhou (2018). Impacts of 1.5ºC Global Warming on Natural and Human Systems. An IPCC Special Report on the impacts of global warming of 1.5°C above pre-industrial levels and related global greenhouse gas emission pathways, in the context of strengthening the global response to the threat of climate change, sustainable development, and efforts to eradicate poverty. https://www.ipcc.ch/sr15/chapter/chapter-3/
  5. www.nationalacademies.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  6. (Ingelesez) Haines, Andy. (2004-01-07). «Health Effects of Climate Change» JAMA 291 (1): 99.  doi:10.1001/jama.291.1.99. ISSN 0098-7484. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  7. IPCC (Intergovernmental Panel on Climate Change). (2014). Climate Change 2014: Impacts, Adaptation, and Vulnerability. Part A: Global and Sectoral Aspects. Contribution of Working Group II to the Fifth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change. https://www.ipcc.ch/site/assets/uploads/2018/02/WGIIAR5-PartA_FINAL.pdf

Developed by StudentB