Berotegi-efektua —negutegi-efektua[1] izenez ere ezaguna— planeta baten atmosferatik datorren erradiazio termikoaren bidez planeta horren gainazala atmosferarik izango ez balitz baino goragoko tenperatura batera berotzen duen prozesua da. Planeta baten atmosferak eguzki-erradiazioa pasatzen uzten duenean baina lurretik datorren beroa atxikitzen duenean gertatzen da berotegi-efektua, tenperaturen igoera eragiten duena.
Gure planetan, berotegi-efektua atmosferan dauden berotegi-efektuko gasek (BEG) sortzen dute, batez ere ur lurrunak (eragin gehien duena), karbono dioxidoak (CO2) eta metanoak (CH4).
Efektu hori nekazaritzan eta lorezaintzan erabiltzen diren berotegien analogiaz izendatu da: berotegiak espazio itxi batzuk dira, alde bat edo gehiago beira edo plastiko gardenezkoak direnak, eguzkiaren beroa igarotzen uzteko eta barnean gordetzeko, landareek mikro-klima onuragarriaz goza dezaten.