Simon William English (Lumsden, 1961eko abenduaren 30a) zeelandaberritar politikaria da. Zeelanda Berriko lehen ministroa izan zen 2016tik 2017ra.
Eskola katolikoetan ikasi zuen eta errugbian aritu zen eskola-taldean. Merkataritza ikasi zuen Otagoko Unibertsitatean eta literatura ingelesa Wellingtongo Victoria Unibertsitatean. Nekazaria eta funtzionarioa izan zen eta 1980an Alderdi Nazionalean afiliatu zen.
1990ean diputatu aukeratu zuten eta 1999an Jenny Shipleyk Finantza ministro izendatu zuen, baina urte horretan bertan Alderdi Nazionalak hauteskundeak galdu zituen. 2001ean Shipley ordezkatu zuen Alderdiko buruzagitzan eta 2002an porrot handia jasan zuen hauteskundeetan.
2008an alderdiak hauteskundeak irabazi zituen eta English John Keyren gobernuko lehen ministrorde eta Finantza ministro izan zen. 2016ko abenduan Keyk dimisioa eman ondoren, English lehen ministro bihurtu zen. 2017ko hauteskundeetan eserleku gehien lortu arren, ez zuen beste alderdien babesik lortu, eta Jacinda Ardern laborista aukeratu zuten lehen ministro.