Billy Joel (New York, 1949ko maiatzaren 9a) estatubatuar rock-musikagile eta kantaria da.
Pianoko ariketek aspertu egiten zuten, eta oso gazterik hasi zen, ikasten ari zelako itxurak eginez, klasikoen erara musika egiten. Garai hartan The Beatles taldeko kideak ziren bere eredu, Paul bereziki. 15 urte inguru zituenean musika klasikotik rockera igarota, bere lehen taldea, The Echoes, sortu zuen. Talde horrek beste batzuen abesti ezagunen bertsioak jotzen zituen, The Rolling Stonesenak eta The Beatlesenak batik bat. Epe laburrean, The Echoes izena aldatu eta The Lost Souls, The Emerald Lords eta The Hassles izenak hartu zituen bere taldeak, hurrenez hurren. Azken izen horrekin disko bat kaleratu zuten 1968an, bertsioez eta Billy Joelek egindako abestiez osatua. Hour of the Wolf diskoa atera eta gero, taldea desegin zen. Billy Joelek eta Jon Smallek (The Hasslesen bateriak) Attila sortu zuten, eta Billyk osorik konposatutako disko bat atera zuten, Psychodelic bullshit. 1971n egin zuen bakarkako bere lehen diskoa, Cold Spring Harbour. Okerreko abiaduran editatu zen, eta Billyk sei hilabete eman zituen han eta hemen kontzertuak emanez, bere diskoa bultzatzeko. Billy Joelek bere karreran zehar 6 Grammy sari irabazi ditu.