Biokimika izaki bizidunen osagarri kimikoak ikertzen dituen zientzia da. Osagarri kimiko horiek biomolekula izenekoak dira: gluzidoak, lipidoak, proteinak , azido nukleikoak, bitaminak, etab. Biomolekula horietan guztietan, karbonoa dago, hori baita kimika organikoaren oinarrizko elementua. Baina karbonoz gain, izaki bizidunen molekulak batez ere hidrogenoz, oxigenoz, nitrogenoz, fosforoz eta sufrez daude osatuta.
Biomolekula horien egitura ez ezik, bizidunengan gertatzen diren erreakzio kimiko guztiak ere ikertzen ditu biokimikak. Erreakzio kimiko horien multzoa metabolismo deritzona da.
Biokimikak biziaren oinarri kimikoak aztertzen ditu. Bizidun guztiek materia eta energia trukatzen dituzte ingurunearekin, eta, metabolismoaren erreakzio kimiko batzuen bitartez, truke hori bideratzen dute. Biokimikak zelula barnean gertatzen diren erreakzioak zein organismo zelulaniztunen barne-inguruan gertatutakoak ikertzen ditu. Kimika organikoaren erreakzioen aldean, bizidunen erreakzioak tenperatura baxuetan gertatzen dira (45 ºC-tik behera), entzima izeneko katalizatzaileei esker.
Metabolismoa osatzen duten bizidunen erreakzio kimiko guztiek elkarrekintzaren sare korapilatsua eratzen dute. Bi metabolismo mota daude: energia lortzeko biomolekulak degradatu eta oxidatzen dituena (katabolismo) eta energia erabiliz zelulen osagaiak eta makromolekula konplexuak sortzen dituena (anabolismo).
Bizidun guztiek, bakterioengandik ugaztunenganaino, antzeko biokimika dute, eboluzio biologikoaren aldeko froga garbia dena (gaurko bizidunek arbaso komun batengandik baitatoz, hots, jatorri berdina dute).
Bere lan-eremua dela eta, esan ohi da biokimikak Kimika eta Fisiologiaren arteko esparrua hartzen duela ikergaitzat.