Biolin | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | Hari igurtzizko instrumentu eta necked box lutes played with a bow (en) |
Hornbostel-Sachs sailkapena | 321.322-71 |
Hedadura | |
Jotzailea | biolin-jotzaile |
Biolina igurtzitako hari instrumentu bat da, musika klasikoaren zein folkaren arloetan oso erabilia. Batzuetan, arrabita edo xirribika ere deitzen zaio, baina izatez hori antzinako beste hari instrumentu baten izena da. Biolin gehienek zurez eginda dagoen gorputz hutsa dute. Ohiko erabileran bere familiako instrumentu txikiena eta nota garaienetara heltzen dena (sopranoa) da. Biolin batek, normalean, lau soka ditu G3 (sol), D4 (re), A4 (la) eta E5 (mi) notekin, eta gehienetan arkua soketan igurtziz jotzen da. Sokak behatzekin katigatuz ere jo daiteke (pizzicato), eta kasu berezietan sokak arkuaren zurezko aldearekin kolpatuz ere bai (col legno).[1]
Biolinak hainbat genero musikalentzat oso instrumentu garrantzitsuak dira, mendebaldeko tradizio klasikoarentzat esaterako. Orkestretan, ganbera-musikan eta baita bakarlari gisa ere erabiltzen dira. Folk musikaren hainbat adarretan ere oso erabilia da biolina, country musikan, bluegrass musikan eta jazzean esaterako. Biolin elektrikoa rock musikan eta jazz fusion generoan ere erabiltzen da. Mendebaldean ez ezik, beste hainbat herrialdetako musika eta kantetan ere erabiltzen dute biolina, Indiako musikan edota Iraneko musikan adibidez.[2]
Biolina XVI. mendean ezagutu zen lehen aldiz Italian, eta XVIII. eta XIX. mendeetan eraldaketa gehiago egin zitzaizkion instrumentuari honek soinu eta proiekzio indartsuagoa izan zezan. Europan, mendebaldeko musika klasikoan erabilitako beste instrumentu batzuk garatzeko balio izan zuen, hala nola, biola. [3][4][5]
Gaur egun biolinista eta bildumazaleek bereziki goresten dituzte Stradivari, Guarneri, Guadagnini eta Amati familiek egindako tresna historiko eder hauek, Brescia eta Cremonan (Italia) egindakoak eta baita Jacob Stainerrek Austrian egindakoak ere. Makina bat instrumentu sortu dituzte hain famatuak ez diren ekoizleek eta masa handitan ekoizten duten komertzioek, Saxonian, Bohemian eta Mirecourten adibidez. Instrumentu hauetako asko Sears and Roebuck & Companyren gisako enpresa handiek saltzen dituzte.
Biolin baten osagaiak hainbat zur motarekin egin ohi dira, eta sokak gota, perloi edo beste osagai sintetiko batzuekin. Biolinak egiten edo konpontzen dituen pertsonari luthier deitzen zaio, eta arkuak egiten edo konpontzen dituenari berriz, arkulari.[2]