Blog (edo weblog) bat, ohar, istorio edo artikuluak argitaratzen diren Interneteko webgune bat da. Blogariak mezuak egunkari edo ontziko liburu moduan idazten ditu eta hauek kronologikoki argitaratuz doaz bere blogean. Egitura aldetik goiko markoak bloga identifikatzen du, zutabe nagusian mezuak eta erantzunak agertzen dira, eta alboko zutabean, besteak beste, egilearen deskripzioa, estekak, etiketak, kategoriak, mezuen artxiboa eta harpidetzeko loturak egon ohi dira. "Weblog" izena Jorn Bargerrek erabili zuen lehen aldiz 1997ko abenduan.
Blog gehienak pertsonalak dira, egile bakar batek idatziak, baina badira talde, elkarte, erakunde eta enpresenak ere. Bertan publika daitezke, askatasun osoz, albisteak, iritziak, poesiak... Esateko zerbait daukan edonork eduki dezake blog bat. Blog gehienak irauteko asmoz sortzen dira baina badira gertakizun baten berri emateko sortuak direnak ere. Blogen aldaera bat mikroblogak dira; hauen bereizgarria da mezuak laburrak direla (gehienez jota 140 karaktere normalean) eta egileak une honetan zertan zaude galderari erantzuteko eginak dira. Mezuak normalean egileak definitutako komunitate batentzat zuzenduta daude. Komunitate horiek - lagunenak, lankideenak...- gizarte-sareak egituratzen dituzte.[1]
Mezuetan testuaz gain argazkiak, bestelako irudiak, aurkezpenak, animazioak eta bideoak ere txerta daitezke. Elementu multimedia hauek web zerbitzari batean kokatu behar dira txertatu edo kapsulatu (embed) aurretik. Multimedian oinarritzen diren blogak daude: fotoblogak, bideoblogak eta audioblogak (podcast edo deskargatzeko irrati-saio asinkronoak, musikakoak edo MP3 blogak).
Blog bat egiteko bi aukera daude: berariazko editore bat erabiliaz, hala nola Wordpress, sortu eta web-ostatu batetara igo edo blogak editatzeko plataforma bat erabiltzea. Plataforma hauek blog-txantiloiak eskaintzen dituzte eta blogari ostatu ematen diote. Hauetako batzuk doakoa dira, hala ere badaude ordaindu beharrekoak direnak. Blog bat eduki nahi duenak plataforma hauetako batera jo eta minutu gutxitan blog bat sortu eta idazten hasi daiteke.