Bola joko (herri kirola)

Bola txirloak eraisten.

Bola-jokoa, jatorria nekazaritza- edo itsaso-lanetako jardueretan ez duen herri kirol bakanetariko bat da. Jokoaren helburua da jaurtigai batekin (gehienetan bola esferikoak) itu batzuk (txirlo, birlo, pirla, pirle, birla, brila, txirla... deituak) eraistea, horretarako prestatutako ingurune batean (bolatoki, bolaleku, karrejo edo boladera). Jaurtigaia botatzen duen jokalariari bolari deritzo.

Aldaera asko dira Europa osoan eta, Euskal Herriari dagokionez, jokoa arruntagoa izan da Hegoaldean azken mendeetan, bereziki Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta maila apalago batean Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Herrian jokatzen diren aldaeretan, txirloen forma, kopurua eta kokapena aldatzen dira, hala nola bolaren forma eta bolatokiaren trazadura.

Bolak hiru motakoak dira gehienetan: hiru zulokoak, esku zulokoak eta esku-azpikoak. Hiru zuloko bolek hiru atzamar sartzeko hiruna zulo izaten dituzte; esku zulokoek bi zulo izaten dituzte, batean atzamar lodia eta bestean eskuko gainerako atzamarrak sartzeko balio dutenak; azkenik, esku-azpikoek ez dute inolako zulorik; eta, aurreko bi motak baino arinagoak izanik, esku-azpiaren gainean jarrita jaurtitzen dira. Hiru txirloa da modalitate bakarra non bolaren zuloak atzamarrak sartzeko erabiltzen ez dena. Kasu honetan, aerodinamika erabiltzen dela esan daiteke, zuloak beti ezkerreko partera begira daudela bota behar delako bola, bestela ez bait da pistatik atera gabe txirloetara iristen.


Developed by StudentB