Alexander Boris de Pfeffel Johnson, Boris Johnson moduan ezagunagoa (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1964ko ekainaren 19a - ), britainiar politikari kontserbadorea eta kazetaria da. Londresko alkatea izan zen 2008ko maiatzaren 4tik 2016ko maiatzaren 8a bitarte. Lehenago, Henley-on-Thameseko parlamentuko ordezkaria eta The Spectator aldizkariko zuzendaria izan zen.
Ken Livingstone ordezkatu zuen Londresko alkatetzan 2008ko hauteskundeak irabazi ostean. 2016an, Sadiq Khan laboristak hartu zuen postua. 2019ko uztailaren 24ean bilakatu zen Erresuma Batuko lehen ministro.[1] Agintean Brexita kudeatzeko arduradun hautatu ondoren eta eskandaluen erdian, bereziki Covid-19 pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festen eskandalua, bere gobernuko ministroak dimisioa ematen hasi ziren, Johnson bakarrik utziz; berberak ere dimisioa eman zuen 2022ko uztailean.[2]