Boxeoa, ukabilketa, boxeo ingelesa edo boxeo irlandarra, eskularruak jantziak dituztela eta araudi bat errespetatuz bi borrokalarik aurrez aurre joka diharduten borroka-kirola da. Hauek soilik gerritik gora kolpatu dezakete aurkariaren gorputza. Hau guztia horretarako bereziki diseinatutako ring izeneko lauki baten barruan egiten da. Esandako hau borroka-sekuentzia laburretan egiten da, asaltoak izenekoetan, eta araudi zehatz baten arabera. Araudi horrek pisu-kategoriak eta topaketaren iraupena arautzen ditu, besteak beste.
"Boxeo" terminoa eskuarki "boxeo ingelesari" egozten zaion arren, boxeoa eremu geografiko eta kultura ezberdinetan garatu da. Oro har, boxeoa kolpea ardatz duten borroka-kirolen multzo bat da. Bertan, bi aurkarik gutxienez ukabilak erabiliz egiten diote aurre borrokari, eta baliteke beste ekintza batzuk ere egitea, hala nola, ostikoak, ukondokadak, belaunkadak eta burukadak, arauen arabera. Kirol modernoaren formetako batzuk dira boxeo ingelesa, eskularru gabeko boxeoa, kickboxing-a, muay-thai, lethwei, savate-a edo sand-a. Boxeo-teknikak, arte martzial, entrenamendu militar, autodefentsa eta beste borroka-kirol askotan sartu dira.
Boxeo-borrokak arautzen dituzten arauen lehen kodifikazioa 1743 ingurukoa da, eta oraindik indarrean dauden arauak 1889an ezarri zituen Queensberry markesak, besteak beste, eskularruen erabilera sartu baitzuen.
Tradizioz, kirol-jarduera maskulinotzat hartu izan da soilik, nahiz eta kirol hori egiten duten emakumeak egon. Emakumeen eskubideen aitorpenak eta diskriminazioaren aurkako borrokan egindako aurrerapenek azken hamarkadetan emakumeen boxeoak gora egitea ahalbidetu dute. 2011ko joko panamerikarrek eta 2012ko udako joko olinpikoek emakumeen boxeoa barneratu zuten kategoria ezberdinetan.