Burdin Aroa

Burdin Aroa, arkeologian eta historiografian, edozein herritako garapen historikoko epe bat da, non burdinaren erabilpena lanabesetan nagusitzen den. Aro hori Metalen Aroaren barruan kokatzen da, Kobre Aroaren (Kalkolitoa) eta Brontze Aroaren ondoren[1]. Aldia kronologikoki datatzerakoan, kontuan izan behar da aldatu egiten dela munduko eskualdearen arabera, metalurgia-teknologia hainbat une ezberdinetan sortu eta geratu baitzen puntu geografiko hainbatean[2].

Metal horrez gain, Burdin Aroko gizarteetan beste aldaketa batzuk nabarmentzen dira aurreko gizarteen aldean, hala nola nekazaritzan, sinesmen erlijiosoetan edo arte estiloetan, nahiz eta kasu guztietan ez den hala gertatzen[3].

Historiaurrea sailkatzeko C. J. Thomsenek asmatutako hiru adinen sistema klasikoan, Burdin Aroa azkena zen, Harri Aroa eta Bontze Aroaren ondorengoa, baina Thomsenek ez zuen Kalkolitoa kontuan hartu. "Burdin Aroa" lokalki hasten da burdinaren edo altzairuaren ekoizpenak aurrera egin duenean, harik eta burdinazko erremintek eta armek erabilera komuneko brontzezko baliokideak ordezkatzen dituzten arte.[4] Antzinako Ekialde Hurbilean, trantsizio hori Brontze Amaierako kolapsoa deritzonaren ondorioz gertatu zen, K.a. XII. mendean. Teknologia berria laster zabaldu zen Mediterraneoko arroko eskualde osoan eta Asiako hegoaldean. Erdialdeko Asiara eta Ekialdeko Europara ere iritsi zen, eta geroago Erdialdeko Europara. Iberiar Penintsulan, K.a. 750 eta K.a. 100. urteen artean koka daiteke[5], eta Frantzian, K.a. 800. urtetik aurrera[6]. Europako iparraldea ez zen K.a. 500 inguru arte iritsi.

  1. (Ingelesez) «History of Europe - Bronze Age, Iron Age, Migration Periods | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-22).
  2. (Gaztelaniaz) «Edad del Hierro: resumen, características, importancia, fin» https://humanidades.com/ (Noiz kontsultatua: 2024-05-14).
  3. «Edad del Hierro» Tesauro. historia Antigua y Mitología.
  4. European prehistory : a survey. Kluwer Academic/Plenum Publishers 2002 ISBN 0-306-46793-3. PMC 49564894. (Noiz kontsultatua: 2022-03-26).
  5. Ruiz Zapatero, Gonzalo. (2015). Gentes de la Edad del Hierro. Comunidad de Madrid. Consejería de empleo, turismo y cultura ISBN 9788445135013..
  6. (Frantsesez) «Période archéologique : Âge du Fer» Inrap (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).

Developed by StudentB