CAD/CAM[1][2][3] produktuen fabrikazioa, garapena eta diseinua hobetzeko ordenagailuak erabiltzen dituen prozesua da. Informatikaren teknologia modu egokian erabilita, produktuak azkarrago, doiago eta merkeago ekoizten dira.
Ordenagailuz lagundutako diseinu-sistemak[4] (CAD, Computer Aided Design) produktu jakin baten ezaugarri gehienak, edota guztiak, jasotzen dituen ereduak sortzeko erabil daitezke. Ezaugarri horiek osagai bakoitzaren neurria, ingurua eta forma izan daitezke, adibidez, eta bi eta hiru dimentsioko marrazkietan gorde daitezke.
Neurriari dagozkion datuak sistema informatikoan sartu eta gorde ondoren, diseinatzaileak erraztasun handiagoz erabil eta alda ditzake diseinuaren ideiak, produktuaren garapenean aurrera egiteko. Horrez gainera, zenbait diseinatzaileren ideiak erabil eta txerta daitezke, datu horiek sare informatikoetan barrena bidal baitaitezke, eta beraz elkarrengandik urrun dauden diseinatzaile eta ingeniariek taldean lan egin dezakete. CAD sistemek produktu baten funtzionamendua simulatzeko aukera ematen dute. Proposatutako zirkuitu elektroniko batek aurreikusita bezala funtzionatuko ote duen egiaztatzea ahalbidetzen dute, edota zubi bat aurreikusitako zama jasateko gai izango den eta baita ontzi diseinatu berri batetik tomate-saltsa behar bezala isuriko den.
CAD sistemak ordenagailuz kontrolatutako fabrikazio-ekipoekin konektatzen direnean CAD/CAM[5] (Computer Aided Manufacturing) sistema integratua osatzen dute. Ordenagailuz lagundutako fabrikazioak abantaila handiak ditu fabrikazio-ekipoak kontrolatzeko ohiko metodoekiko. Gehienetan, CAM ekipoekin operatzailearen hutsak saihesten dira eta eskulanaren kostua murrizten. Baina etengabeko doitasunak eta aurreikusitako ekipoaren erabilera optimoak are abantaila handiagoak dakartza. Esate baterako, hortzek eta ebakitzeko tresnek gehiago irauten dute eta gutxiago hondatzen dira, eta beraz, fabrikazio-kostuak are gehiago murrizten dira. Horren aurrean aipatu behar da, ordea, kapital handiagoak behar direla horrelako sistemak antolatzeko, eta langile gutxiagorekin produktibitatea mantendu ahal izateak eragin txarrak izan ditzakeela gizartean.