Hezkuntzan, curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da. Hezkuntza-proiektua dela kontuan hartuz, curriculuma hezkuntzaren antolaketaren funtsa da eta, beraz, kontzeptu konplexua da, besteak beste, gizartearekiko loturak, pedagogia-sistemaren ezaugarriak eta hezkuntzaren praktika eta bilakaera bera islatzen dituena. Batzuen iritziz, curriculuma hezkuntza-prozesua guztiz zehaztu egiten duen agiria da (zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu); beste batzuen iritziz eta modu orokorrago batez, curriculuma eskolak eskaintzen dituen ikaskuntza-esperientzia guztien multzoa da, agiri batean zehaztuta ez badaude ere, curriculum ezkutu bat osatuz [1].