Daniel Clement Dennett (Boston, Massachusetts, 1942ko martxoaren 28a - Portland, Maine, 2024ko apirilaren 19a) estatubatuar[1] filosofo eta idazlea izan zen. Zientzia kognitiboen esparruan zientziaren filosofo nabarmenetakoa da, batez ere kontzientziaren, intentzionalitatearen, adimen artifizialaren eta memetikaren azterketan. Darwinismoaren eta erlijioaren gaur egungo esanahiari buruz egindako ekarpenak ere esanguratsuak dira. Tuftseko Unibertsitateko Ikasketa Kognitiboen Zentroa zuzendu zuen, eta bertan filosofiako katedraduna izan zen. 1987tik Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademiako eta Europako Zientzia eta Arteen Akademiako kide izan zen. Ateismo Berriko Lau Zaldizkoen parte bezala ere ezagutzen da, Richard Dawkins, Sam Harris eta Christopher Hitchensekin[2] batera.