David Hilbert[1] (Königsberg, Ekialdeko Prusia, 1862ko urtarrilaren 23a - Göttingen, Alemania, 1943ko otsailaren 14a), matematikari alemaniarra zen, XIX. mende amaierako eta XX. hasierako garrantzitsuenetakotzat jotzen dena. Hilbertek funtsezko ideia ugari aurkitu eta garatu zituen, besteak beste, inbarianteen teoria, aldakuntzen kalkulua, aljebra trukakorra, zenbaki aljebraikoen teoria, geometriaren oinarriak, eragileen teoria espektrala eta bere aplikazioa ekuazio integraletan, fisika matematikoan eta matematikaren oinarrietan (bereziki frogaren teoria).
Hilbertek Georg Cantor-en multzoaren eta zenbaki transfinituen teoria onartu, eta defendatu zuen. 1900. urtean XX. mendeko matematika-ikerketari bide ematen zioten problemen bilduma aurkeztu zuen[2][3].
Hilbertek eta bere lana ikasi zutenek mekanika kuantikorako eta erlatibitate orokorrerako beharrezkoa zen egitura matematikoaren zati garrantzitsuak atera zituzten. Frogapen matematikaren eta logika matematikoaren sortzaileetako bat izan zen, baita matematika eta metamatematika ezberdintasunarena ere[4].