Kimika arloan, disoluzio, edo latinetik “dissolutĭo”, bata bestearekin erreakzionatzen ez duten substantzia bat baino gehiagoren arteko nahaste homogeneoa da. Nahasturan substantzia hauek maila mikroskopikoan ondo barreiatuak daudenez, substantzia homogeneo eta uniformetzat har daiteke. Hala ere, disoluzioetan bi osagai nagusi bereizten dira; disolbatzailea eta solutua, lehena proportzio gehienekoan dagoenari deritzo eta orokorki nahasturari bere agregazio-egoera ematen dio, aldiz solutua, proportzio gutxienekoan dagoenari deritzo, eta nahastean bat baino gehiago aurki daiteke.
Esan bezala, orokorrean, proportzio handienean dagoen osagaiak baldintzatuko du nahasturaren egoera fisikoa, eta horregatik hainbat eta hainbat disoluzio mota aurki daitezke; gasak likidotan, gasak solidotan, solidoak solidotan, besteak beste.
Disoluzio baten adibide garbi eta jakina, uretan gatza (NaCl) disolbatzean lortzen den nahastura izan daiteke. Kasu honetan ura disolbatzailea izanik eta gatza solutua.