Donostiako Zinemaldia

Donostiako Zinemaldia
Irudia
Map
MotaZinemaldi
Indarraldi1953 - 
Gertaeraren maiztasuna1 urte
KokalekuDonostia
HerrialdeaEspainia

Webgunesansebastianfestival.com
IMDB: ev0000588 Facebook: sansebastianfestival Twitter: sansebastianfes Instagram: sansebastianfes Youtube: UC6ScD2J0bxxAQhbsWcjraRw Edit the value on Wikidata

Donostiako Nazioarteko Zinemaldia urtero irailaren bigarren hamabostaldian Donostian (Gipuzkoa) antolatzen den zinema jaialdia da, Euskal Herriko ospetsuena. Nazioarteko Zinema Ekoizleen Federazioak (FIAPF) film luzeen lehiaketa-jaialdi izendatua du;[1] kategoria gorentzat hartzen da hori. 1953an sortu zutenetik urtero antolatu dute. Europako zinemaldirik zaharrenetako eta entzutetsuenetako bat da, eta hauek dira haren ezaugarri nagusiak: ikusleen jaialdi bat dela (beste batzuetara soilik profesionalak joaten dira), Europako eta Latinoamerikako zinema lotzen dituela, eta jarduera handia duela urte osoan.[2] Egoitza nagusia Kursaal elkargunean du, baina zenbait ekitaldi Victoria Eugenia antzokian egin ohi dira, egoitza historikoan. Sari nagusiak film onenaren Urrezko Maskorra eta ohorezko Donostia saria dira. Gaur egun, José Luis Rebordinos da zuzendaria.

Lau erakunde publikok osatzen dute Donostiako Nazioarteko Zinemaldia elkartea, zati berdinetan: Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak. Elkartearen lehendakaria Donostiako alkatea da; gaur egun, Eneko Goia. Zinemaldiak 10,5 milioi euroren aurrekontua izan zuen 2024an.[3]

2007az geroztik zinemaldiaren euskarazko izendapen ofiziala Donostia Zinemaldia da (gaztelaniaz Festival de San Sebastián eta ingelesez San Sebastian International Film Festival). 2018an, zinemaldiak bere irudia berritu zuen, trazu sintetikoago bat eman zion maskorrari, eta ingelesezko SSIFF akronimoa erabiltzen du ordutik.[4]

Donostiako Zinemaldiaren historiak Euskal Herriaren historia garaikidearen zati bat biltzen du: Francoren diktadurapean, diplomazia kulturalerako tresna bat izan zen, sortu zuten une beretik, eta munduari itxurazko irekidura bat erakusteko toki bat ere bai.[5] 1977an demokratizatu eta eraldatu zen jaialdia, eta 1980ko hamarkadaz geroztik, jada egonkortuta, bere lekua dauka nazioarteko zinemaldien zirkuituan.

Ibilbide horretan, nabarmentzeko modukoak dira gertakari zinematografiko batzuk: besteak beste, Alfred Hitchcock zinemagilea joan zenekoa, Vertigo (1958) filma aurkeztera;[6] Nestor Basterretxearen eta Fernando Larrukerten Ama Lur lanaren estreinaldia (1968);[7] Francis Ford Coppolak bi garaitan irabazitako bi Urrezko Maskorrak (The Rain People, 1969; eta Rumble Fish, 1984);[8] Victor Erizeren El espíritu de la colmena-k lortutako Urrezko Maskorra (1973);[9] George Lucasen Star Wars filmaren Europako estreinaldia (1977);[10] Emakumeek Eginiko Zinema sail apurtzailea (1978);[11] Juanba Berasategiren Kalabaza tripontzia filmaren estreinaldia eta saria (1985);[12] Oliver Stoneren Salvador filmak Belodromoa inauguratu zuenekoa (1986);[13] euskara Sail Ofizialera iritsi zenekoa, Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmarekin (1989);[14] Woody Allenen Melinda & Melinda filmaren estreinaldia (2004);[15] Yesim Ustaogluren Pandora'nın kutusu filmaren Urrezko Maskorra (2008), lehen aldiz emakume batek zuzendutako lan batek irabazitakoa;[16] Zinemira sailaren sorrera (2009);[17] eta Loreak euskara hutsez filmatutako lanaren estreinaldia Sail Ofizialean (Joxe Mari Goenaga eta Jon Garaño, 2014).[18]

Zazpi hamarkada horietan, mundu osoko izar asko izan dira Donostiako Zinemaldian. Horietako batzuk dira Gloria Swanson, Bette Davis, Glenn Ford, Gregory Peck, Elizabeth Taylor, Sophia Loren, Audrey Hepburn, Robert de Niro, Antonio Banderas, Al Pacino, Tim Burton, Richard Gere, Glenn Close, Michael Douglas, Catherine Zeta-Jones, Mel Gibson, Demi Moore, Charlize Theron, Adam Sandler, Ben Stiller, Brad Pitt, Naomi Watts eta Ian McKellen.

  1. (Ingelesez) «Accredited Festivals» Fiapf | International Federation of Film Producers Associations (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  2. (Ingelesez) «Accredited Festivals» Fiapf | International Federation of Film Producers Associations (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  3. Prentsa txostena. Donostiako Zinemaldia, 4 or..
  4. (Gaztelaniaz) 20minutos. (2018-05-03). «El Festival de San Sebastián renueva su identidad gráfica con una imagen "más visible, moderna y colorida"» www.20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  5. «Ebakiondoak edo artxibo bat osatzea» Artxiboa (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  6. (Gaztelaniaz) «Festival de San Sebastián» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  7. [https://gara.naiz.eus/paperezkoa/20080924/98028/es/Ama-Lur-40-anos «Ama Lur, 40 a�os - GARA»] gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  8. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  9. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  10. (Gaztelaniaz) Fernández, Harri. (2019-12-17). «“Que ‘Star Wars’ se proyectase en el Zinemaldia fue un escándalo mediático”» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  11. ««Ghetto zoragarri bat». Donostia Zinemaldiko Emakumeek Zuzendutako Zinema-Zikloa (1978) prentsaren bidez deskubritzen» Artxiboa (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  12. «Donostia Zinemaldia» sansebastianfestival (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  13. (Gaztelaniaz) Flaño, Teresa. (2021-10-28). «Oliver Stone, un fiel asiduo al Zinemaldia que en 2012 le concedió el Premio Donostia» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  14. «Donostia Zinemaldia eta euskal zinema» Artxiboa (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  15. «Woody Allenen filmak irekiko du Zinemaldia» Berria 2020-06-25 (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  16. «Emakumeek zuzendutako filmak» Prentsa txostena (Donostia: Donostiako Zinemaldia): 19..
  17. «Egin gabe dagoen historia batendako harria» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).
  18. «Harrera beroa jaso du 'Loreak' filmak» Berria 2014-09-23 (Noiz kontsultatua: 2024-09-26).

Developed by StudentB