Egunkaria, kazeta edo egunerokoa egunero kaleratzen den argitalpena da, bereziki albisteak ematen dituena.
Eguneroko berriak dakartzan aldizkakoa da. XIX. mendearen hasieran sortu ziren lehenengo egunkariak, orduan bete zirelako, lehendabiziko aldiz, egunkari bat sortzeko baldintzak. Berri iturburuen iraunkortasuna ikusi zenean, lehenengo agentziak sortu, eta berriak igortzeko sistemak jarri ziren: garraiobideak eta hasierako telegrafia sistemak. Orobat, papergintza eta inprimaketarako sistemak ere hobetu egin ziren. Gaur egun, egunkariak hainbat sailetan banatuta egoten dira: kudeaketa, erredakzioa eta inprimaketa. Erredakzioa da kazetaritzari gehien dagokiona; bi sailetan banatzen da: erredakzioa bera (aldi berean sailetan banatua) eta maketazioa, egunkariaren orrien banaketa eta bertan berriak zein lekutan eta nola jarri erabakitzen duena.[1]
Munduko lehen kazeta, Relation aller Fürnemmen und gedenckwürdigen Historien, 1605ean argitaratu zuen lehen aldiz Johann Carolusek Estrasburgon.
Tradizionalki, egunkariak inprimatuta argitaratu izan dira (normalean, egunkari-papera deritzon kalitate baxuko paper merke batean). Hala ere, gaur egun, egunkari gehienak webguneetan ere argitaratzen dira sareko egunkari gisa, eta batzuek inprimatutako bertsioak erabat baztertu dituzte.
Egunkariak XVII. mendean garatu ziren merkatarientzako informazio-orri gisa. XIX. mendearen hasieran, Europako hiri askotan, baita Ipar eta Hego Amerikan ere, egunkariak argitaratzen zituzten.
Independentzia editorial: kazetaritzaren kalitate eta tirada handia duten egunkari batzuk ereduzko egunkari gisa ikusten dira.
Interneten etorrerarekin, gaur egun, egunkari asko digitalak dira; beren berriak, formatu fisikoan baino, sarean aurkezten dira, eta, gaur egun, batez ere horren ondorioz, egunkarien paperezko aleen salmenten beherakada dago.