Eguzki-sistema da Eguzkiaren inguruan orbita ezberdinetan jirabiran dabiltzan objektu ezberdinak (planetak, planeta nanoak, sateliteak, asteroideak, kometak...) biltzen dituen Unibertsoaren zatia. Zentzu hertsian, Eguzkia eta bere inguruan grabitazioak itxita biratzen duten gorputzen multzoa da, eta biraketa hori zuzenekoa edo zeharkakoa izan daiteke.[oh 1] Eguzkiaren inguruan zuzenean biratzen duten objekturik handienak zortzi planetak dira.[oh 2] Beste objektuak nabarmen txikiagoak dira, izan planeta nano edo Eguzki-sistemako gorputz txikiak. Modu ez zuzenean Eguzkiaren inguruan biratzen ari diren objektuetatik, planeten ilargiak, bi planetarik txikiena den Merkurio baino handiagoak dira.[oh 3]
Eguzki-sistema orain dela 4.600 milioi urte sortu zen, molekula laino baten grabitazio-kolapsoaren ondorioz. Sistemaren masaren zatirik handiena Eguzkian dago eta, ondoren, geratzen denaren gehiengoa Jupiterren. Barneko lau planetak, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte planeta telurikoak dira, batez ere arroka eta metalez osatuak. Beste lau planetak planeta erraldoiak dira, telurikoak baino nabarmen handiago. Bi handienak, Jupiter eta Saturno gasezko erraldoiak dira, batez ere hidrogeno eta helioz osatuak. Kanpoko bi planetak, Urano eta Neptuno izotzezko erraldoiak dira, batez ere ura, amoniako eta metanoz osatuak. Zortzi planetek orbita ia zirkularrak dituzte, ekliptika deitzen den planoa ia laua jarraituz.
Eguzki-sistemak beste objektu txikiago batzuk ere baditu.[oh 4] Asteroide gerrikoa Marte eta Jupiterren artean orbitatzen duten milaka objektuk osatzen dute. Objektu hauek, planeta telurikoek bezala, arroka eta metalak dituzte osagai. Neptunoren orbita igaro ondoren Kuiperren gerrikoa dago, Neptunoz haraindiko objektuz osatua. Hauek, batez ere, izotzez osaturik daude eta disko sakabanatu bat osatzen dute. Gerriko honen ostean berriki aurkitutako sednoideak daude. Populazio hauen artean dozena batzuek, eta agian hamarnaka mila objektu daude euren grabitateak biribildu dituenak. Objektu hauei planeta nano izena ematen zaie. Ezagutzen diren planeta nano batzuk Zeres asteroidea edo Pluton eta Eris dira. Bi eskualde hauez gain, badira beste populazio batzuk gorputz-txikien artean sailkatzen direnak, hala nola kometak, zentauroak edo planetarteko hauts-hodeiak. Guzti hauek eremu ezberdinen artean bidaiatzen dute, orbita eliptiko ezberdinekin. Sei planetek, gutxienez lau planeta nanok, eta beste gorputz-txiki batzuek satelite naturalak dituzte, askotan "ilargi" izena hartzen dutenak Ilargia dela eta. Kanpoko lau planeta erraldoiek eraztun planetarioa dute, hautsez eta objektu txikiz osatuak.
Eguzki haizeak, Eguzkiaren goi-atmosferatik kargatutako partikula (plasma) isuriak, burbuila itxurako gune bat sortzen du izar-arteko espazioan. Espazio honi heliosfera izena ematen zio. Heliopausa Eguzki haizearen presioa eta izar-arteko ingurunean presioa berdina den lekua da, eta disko sakabanatu baten mugaraino hedatzen da. Oorten hodeia, periodo handiko kometen iturritzat hartzen dena, heliosfera baino mila aldiz handiagoa den eremu bateraino heda daiteke. Eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxian kokatuta dago, bere zentrotik 26.000 argi urtera, Orion besoa deitzen den eremuan.
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/>
tag was found