Ehuneko

Ehunekoa adierazteko erabiltzen den ikurra

Ehunekoa (Euskaltzaindiak ehuneko izena hobetsi duen arren, portzentaje ere deitua) ikur matematiko bat da, proportzio bat edo zatiki bat adierazten duena, zatitzailetzat 100 zenbakia izanik; hau da, ehun zati berdinen gaineko frakzio gisa emandako kantitate bat adierazten du. Hortaz, bi kantitateren arteko erlazioak definitzeko erabiltzen den dimentsiorik gabeko zenbaki bat da (zenbaki hutsa); ez dauka neurri-unitaterik.

Bi kopuru konparatzeko balio du, bati ehun balioa emanda besteak harekiko hartzen duen balioa (% ikurraz adierazten da)[1]

Ehunekoa adierazteko «%» ikurra erabiltzen da[2], matematikoki 0,01 faktorearen baliokidea dena. Euskaraz, ehunekoaren sinboloa kopuruaren aurretik idatzi behar da, bien artean hutsune bat utziz.[3] Hala ere, adierazi nahi den ehunekoa letraz-letra idatzita ere eman daiteke.[3]

Adibidea. % 60 adierazpena, eta 0,60ren baliokidea da, eta letraz-letra idatzita ere adierazi daiteke: ehuneko hirurogei.

Hortaz, adierazpenari dagokionez hurrengo baliokidetasunak betetzen dira:

Bestalde, 2000ren % 60ak zera esan nahi du: 2000 horietan, 100 unitateko 60ri dagozkien zati proportzionala. Hau da:

Ehunekoa zatiki bat (bi kantitateren arteko erlazioa adierazten duena) beste batekin alderatzeko ere erabiltzen da, hauek ehuneko moduan adieraziz 100 zenbakia izendatzaile komun bezala erabiltzeko. Adibidez, demagun 10 milioi biztanleko herrialde batean 500.000 pertsonak gripea daukatela, eta milioi bat biztanleko beste herrialde batean 150.000 gaixo daudela. Ehunekoak erabiliz, argiago ikusten da lehenengo herrialdean gripeaz gaixotutako biztanleak % 5 direla, eta aldiz bigarren herrialdean % 15, azken honetan gaixorik dauden biztanleen proportzioa altuagoa izanik.

  1. «Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2021-03-15).
  2. https://mathvault.ca/hub/higher-math/math-symbols/
  3. a b «ehuneko (%) - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-07).

Developed by StudentB