Emakumeak kanpo-espazioan hegan eta lan egin dute, ia giza hegaldi espazialak hasi zirenetik. Oro har, emakumeak ez dituzte gizonak bezain beste hautatzen. 2020an adibidez, espaziora joan ziren astronauta guztien %10 baino ez ziren emakumezkoak izan.[2]
Espazioan hegan egin zuen lehen emakumea Valentina Tereshkova sobietarra izan zen, Vostok 6 kapsula espazialean, 1963ko ekainaren 16tik 19ra. Tereshkova fabrikako asanbleista zen, ez zen kosmonauta. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak propagandarako erabili zuen.[3] 1982ra arte emakumeak ez ziren pilotu espazialtzat jo, ez eta gizonezko homologoen pareko langiletzat ere. Espaziora joan diren 70 emakumeen gehiengoa estatubatuarra da, eta misioak dituzte transbordadore espazialean eta Nazioarteko Espazio Estazioan (2021eko urrian eguneratutako datua). Beste herrialde batzuek, hala nola, Sobietar Batasuna, Kanada, Japonia, Errusia, Txina, Erresuma Batua, Frantzia, Hego Korea eta Italia emakume bat edo bi eraman dituzte espazioko giza hegaldien programetan. Gainera, nazionalitate bikoitza duen emakume estatubatuar batek turista gisa parte hartu du AEBko hegaldi espazial batean.
Espazio hegaldietan, emakume eta gizonek pareko zailtasun fisiko eta psikologikoak dituzte. Gainera, ondorioztatu da emakumeak egokiagoak izan daitezkeela espazio-misio luzeagoak egiteko.[4] Ikerketek etengabe adierazi dute emakumeak espaziora joateko oztopo nagusia genero-diskriminazioa dela.[5][6]