Energia berriztagarri

Energia berriztagarrietatik argindarra lortzeko sistemak, material ez berriztagarriz eginak.

Energia berriztagarria iturri berriztagarrietatik sortzen den energia mota da. Energia berriztagarriak asko dira, eta horien artetik gizakiarentzat garrantzitsuenak hauek dira: eguzki-energia, haizea, euria, itsasaldiak eta bero geotermikoa. Iturri berriztagarri horiek, gizakiaren denboraren eskalan agortezinak dira. Ingurumenaren degradazioa, garapen-bidean dauden herrialdeen eta herrialde garatuen arteko desoreka energetikoa eta erregaien aniztasuna, energia berriztagarrien garapena bultzatu duten faktoreak dira.

Historian, energia berriztagarri horiei etekina ateratzeko, gizakiak sistema berriztagarriak erabili izan ditu, gehienbat zurez eta harriz eginak: haize errotak, ur errotak eta abar. Gaur egun energia berriztagarrietatik argindarra lortzeko erabiltzen diren sistemak, ordea, ez dira berriztagarriak. Beraz, nahiz eta argindarra lortzeko erregai fosilak darabiltzaten sistemak baino kutsadura txikiagoa sortzen duten, kutsagarriak dira energia berriztagarriak darabiltzaten sistema modernoak. Izan ere, sistema horiek fabrikatzeko, garraiatzeko, beharrezko azpiegiturak eraikitzeko, mantentze lanak egiteko, eta bizitza baliagarriaren bukaeran desegiteko, erregai fosil ugari erabili behar izaten da. Gainera, berriztagarriak ez diren material kutsagarriz eginak dira: altzairuz, aluminioz, plastikoz, zementuz, kobrez, lur arraroz...


Developed by StudentB