Eosinofilo

Eosinofilo
Xehetasunak
Identifikadoreak
MeSHA11.627.340.345, A15.145.229.637.415.345 eta A15.382.490.315.251 A11.118.637.415.345, A11.627.340.345, A15.145.229.637.415.345 eta A15.382.490.315.251
THH2.00.04.1.02017
FMA62861
Terminologia anatomikoa

Eosinofiloa globulu zuri mota bat da, granulozitoen taldekoa. Odoleko milimetro kubiko batean 800 eosinofilo inguru daude, eta leukozito guztien % 1-4 izan ohi dira.[1] Nukleo polilobulatua dute, eta zitoplasmako pikorrak laranjaz tindatzen dira eosina bezalako koloratzaile azidoekin.

Hezur-muineko zelula ametatik sortzen dira, eta handik odolera igarotzen. Mugikorrak dira eta substantzia kimiotaktikoek erakartzen dituzte infekzio guneetara. Fagozitosia egiteko ahalmena badute ere, exozitosia da beren ekintza-modu nagusia, zitoplasmako pikorren edukia parasitoen aurka isuriz. Horrezaz gain, histaminasa izeneko entzima dute, histamina hidrolizatzen duena; horrenbestez, alergia-prozesuak mugatzen dituzte (alergia-prozesuetan histamina ugari askatzen da, eta horrek eragiten du alergiaren sintomatologia).[2][1]

Alergia edo parasitosietan eosinofilo kopuru handia izaten da. Infekzioa pasatutakoan, edo kortikosteroideak edo beste immunosupresore batzuk erabilitakoan, kopuru hori murrizten da. Odolean eosinofiloen kopurua handitzeari eosinofilia izena ematen zaio.

  1. a b Olivares, María José. Odola, linfa-sistema eta immunitate-sistema. Lanbide ekimena, klasikoa.eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-18).
  2. Altuna, Jon. Immunologia: Zelulak eta organoak. UPV-EHU, studocu.com (Noiz kontsultatua: 2020-6-20).

Developed by StudentB