Erlatibitate berezia

[Betiko hautsitako esteka]Argi-konoa, espazio-denboraren adierazpen grafikoa.

Fisikan, erlatibitate berezia deritzo espazioaren eta denboraren portaera azaltzen duen teoria fisikoari. Mekanika newtondarraren orokorpen bat da eta bateragarria da Maxwellen teoria elektromagnetikoarekin.

Albert Einsteinek 1905. urtean argitaratu zuen Zur Elektrodynamik bewegter Körper artikuluan agertzen da lehen aldiz erlatibitate berezia[1]. Espazioa eta denbora erlatiboak direla iragartzen du, hots, behatzailearen higiduraren araberakoak direla. Besteak beste, denboraren zabalkuntza, espazioaren uzkurdura edota aldiberekotasunaren erlatibitatea aurresaten ditu.

Teoriaren baliagarritasuna grabitazio-eremu ahuletara dago mugatuta. Grabitazio-eremuak oso bortitzak direnean, orokorragoa den erlatibitate orokorra behar dugu espazio-denboraren deskribapen egoki bat egiteko[2]. Era berean, gorputzen abiadurak txikiak direnean argiaren abiaduraren aldean, ez da beharrezkoa erlatibitate berezia erabiltzea (bai ordea, zuzena), Mekanika Newtondarrak emaitza onargarriak ematen baititu.

  1. Einstein, A.. (1905). «Zur Elektrodynamik bewegter Körper» Annalen der Physik 322 (10): 891–921.  doi:10.1002/andp.19053221004. ISSN 0003-3804. (Noiz kontsultatua: 2019-12-04).
  2. Einstein, Albert, 1879-1955.. ([1920?]). Relativity the special & the general theory, a popular exposition. Ryerson Press ISBN 0-665-98439-1. PMC 1084238030. (Noiz kontsultatua: 2019-12-04).

Developed by StudentB